Itzalaldi analogikoak bi milioi etxe telebistarik gabe utzi ditu
Kontzientziazio kanpainak badirudi ez duela behar besteko eraginik izan AEBetan, telebista digitalari dagokionez behintzat. Izan ere, itzalaldi analogikoa gertatu zenean bi milioi etxe aldaketarako prestatu gabe zeuden, eta ondorioz, antenadun telebistak itzali egin ziren.
GARA | WASHINGTON
Telebistak seinale digitalean bakarrik emititzera behartzen dituen itzalaldi analogikoa gertatu zen AEBetan. Ondorioa: bi milioi etxe baino gehiago telebistarik gabe geratzea. Nielsen enpresaren esanetan trantsiziorako prestatu ez ziren etxeak 2.8 milioi izan ziren. Gobernuak, hala, neurriak hartu nahi izan ditu, eta beraz, aldaketara egokitzeko epea uztailera arte luzatu du. Modu horretan, etxe bakoitzeko berrogei dolarretako bi kupoi banatuko ditu seinale digitala ikusteko beharrezkoa den aparatua eskuratzeko.
Enpresak, bestalde, etengabeko mugimenduan dabiltza. Izan ere, konfiantza osoa dute hainbat hiritar ordainpeko telebistara harpidetuko direla. Horregatik, etengabekoak dira publizitate kanpainak. Comcast etxeak, esaterako, urte osoan telebista doan eskaintzen du. Hori bai, Interneteko eta telefonoko zerbitzuetara harpidetuz gero.
Aurretik mugitu denik ere bada eta horren seinale da aurten, orain arte, telebisten salmentak %32 egin duela gora AEBetan.
Hiritarrak aldaketaren aurrean prestatu ala ez, kezkati agertu dira. Gobernuak itzalaldi analogikoaren inguruan ezarritako telefono lineak 700.000 dei jaso baititu. Azpimarratzekoa da, atzean geratu den telebista itzali zen unean 300.000 kezka agertu zituztela. Komunikazioen Komisio Federalak azaldu zuenez, deiak egin zituztenen herenak, Gobernuak deskodegailuak lortzeko ematen dituen laguntzaz galdetu zuen.
Telebista digitala, hasieran 2006rako ezarri behar zuten, baina hiritarrak prest ez zeudela ikusita, hainbat aldiz atzeratu behar izan zuten; orain arte.