«Zugaz.com», Interneteko euskarazko lehenengo sare soziala jaio da
GARA | DONOSTIA
Interneteko euskarazko lehenengo sare soziala jada martxan da, zugaz.com, alegia. Debagoieneko Goiena Komunikazio Zerbitzuak kooperatibak sortu du eta euskal internauta guztiei zuzenduta dago.
Nahikoa da erabiltzaile-izen bat, pasahitz bat, eta nahi bada, helbide elektroniko bat sare sozialeko partaide izateko. Aukerak nahi adinakoak dira, nahiz eta, orain arte, jokoek izan duten arrakastarik handiena. Izan ere, zugaz.comek 8.000 jokotan ibiltzeko aukera ematen du.
Jokoez gain, lagunekin eta familiakoekin harremanetan egoteko, lagun berriak egiteko, argazkiak eta bideok igotzeko eta horiek partekatzeko aukera ematen du guneak.
Bereziki ume eta gaztetxoei zuzenduta dagoen arren, edozein adineko erabiltzaileentzako egokia dela gaineratu dute sortzaileek.