GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

KRONIKA | Elkartasun uholdea Lakuntzan

Milaka watio elkartasun doinuak Lakuntzako zelaiez gaindi zabalduz

Lakuntzan musikak ez du etenik izan azken hiru egunotan milaka lagun batu dituen Hatortxu Rock jaialdi berezian. Oholtza gainetik pasa diren musika talde guztiek ahantzi ezinezko une hunkigarri eta bereziak utzi dituzte elkartasunez beteriko milaka akordeen artean.

p008_f01_239x140.jpg

Koldo OTAMENDI

Koma izan zen larunbatean taula gainera igo zen lehen taldea. Nafarrek ez zuten soinu proba egiteko denbora askorik izan Lakuntzarako bidean txapelokerren bi kontrol pasa behar izan zituztelako. Horietako batean, anplifikadore eta musika tresna guztiak furgonetatik jaitsi behar izan zituzten miaketak egiteko, eta berandu iritsi ziren saioa hasteko. Guardia Zibilaren errepide kontrolak ikuslerian ez ezik musikariengan ere izan zuen eragina, makina izan baitziren bide bazterrera bidalitakoak. Hala eta guztiz ere, Komaren emanaldia umoretsua eta indartsua izan zen ohikoa duten moduan. Emanaldia burutu bezain pronto, berriz ere musika tresnak furgonetara sartu eta errepidea hartu behar izan zuten Valladoliden beste kontzertu bat ematera.

Egitarauaren afixak hogei musika taldetik gora iragartzen zituen larunbaterako. Horien guztien artean, Piperrak. Hainbat urte kontzerturik eskaini gabe egon eta gero, taula gainera itzuli zirenetik egindako kontzertu bakoitza arrakastaz beterikoa izan da. Beriain gunea lepo bete zen Erriberako taldea zuzenean ikusteko. Batez ere, gaztetxoek hartzen zituzten agertoki aurreko lehen ilarak, kantuen letrak behin eta berriz errepikatuz. Piperrak taldearen formula magikoa sinplea bezain eraginkorra da: aldarrikapena eta festa bat egiten duen amorruz beteriko punk kalimotxeroa. Hori da Piperrak-ek eskaintzen duena eta hori, hain zuzen ere, zaletuek gustuko dutena.

Berezia izan zen Doctor Deseoren emanaldia. Egun, taldea entsegu lokalean murgildua da disko berria izango denaren sorkuntza lanetan, baino Hatortxura ez dute hutsik egin nahi izan. Lehen akordeak entzun bezain laster, Francis, taldeko abeslaria, agertokian gora ikusi ahal izan genuen. Mendizale amorratua eta eskalatzaile fina da kantari bilbotarra. Gustuko ditu horrelako erronkak eta ikusleek eskertzen dituzte bere saiakerak. Edozein lekutik zintzilikatzeko gai da, ikuskizuna ziurtatuz. Gainera, bere ahotsak badu zerbait berezia, erakarri egiten du, liluratu, hitz batean.

Habeas Corpus taldearen kantu batzuk entzun eta gero, Governors ikustera abiatu gara karpa estalira. Hatortxu Rock 10 honetarako kantua egiteko aukera izan du Arrasateko taldeak eta euren emanaldiko une gorena bilakatu zen «Kristal kolpatuak» kanta. Samplerrak erabili zituzten Sorkun eta Eñauten ahotsak egiteko eta indarrez ekin zioten kantua jotzeari momentuak zuen berezitasunaz jakitun. Governorsen azken akordeekin batera, Beriain gunera bueltatzen gara, Berri Txarrak taldearen emanaldia ikusteko. Taldean aldaketak izan zituztenetik, kontzertu bakan batzuk eskaini dituzte Euskal Herrian eta David baxu-jotzaile berria ikusleria zabal baten aurrean aurkezteko aukera paregabea zen larunbatekoa. Bikain bete zituen egin beharreko lanak. Talde era sendoa lortu dute eta beraien arteko kimika ona nabari da. Nagusiki, azken garaiko kantu zerrenda erabili zuten, tartean irailean argitaratuko den diskoko abesti berri bat jo zutelarik. «Bisai berriak» kantuarekin abiatu zuten emanaldia, «Denak ez du balio» abestiarekin amaitzeko. Bien bitartean Utsaia gunean Lendakaris Muertos taldekoek punk azkar eta letra azidoekin eraso egiten zuten. Azken boladan Iruñerriko taldea gurean baino kanpoan ari da kontzertuak eskaintzen eta hitzordu ederra zen Nafarroan bertan Ibarretxe eta enparauen musika entzuteko. Apenas etenik gabe kantu bat bestearen atzetik jotzen aritu ziren, ikusleekin «felling» berezia lortu zutelarik. Gune berean, Eina izenaren atzean, Inadaptats taldeko errautsetatik sorturiko egitasmo berria ezagutzeko aukera izan genuen. Vilafranca del Penedeseko banda eraberritua azaldu zen, nahiz eta nagusiki Inadaptats taldeko taldekidez osatuta egon, eskaintza eguneratu eta berria taularatu zuten. Ez ginen gunez mugitu eta Neguri Gorriak taldearen emanaldia ikusi ahal izan genuen lotara joan aurretik. Beriain gunean berriz, Narco eta La Pulqueria taldeak aritu ziren gaua amaitu bitarte.

Musikak etenik ez

Lo egiteko beta handirik ez da Lakuntzan. Goizaldeko ordu txikietan amaitzen dira emanaldiak eta eguna argitu bezain pronto dultzaineroek diana jotzen dute. Atzo, musika eskaintza ere goizetik abiatu zen Hatortxu Eguneko ekitaldien baitan. Korrontziren folk erritmoek gozoki laztantzen dituzte bezperan distortsioak eta zaratak kolpaturiko gure belarriak. Ederrak dira egun argiz egiten diren emanaldiak. Lakuntzako paraje ederrek musika hobeki barneratzen laguntzen dute. Musika taldeak biluztu egiten dira taula gainean, argi foku distiratsuek ematen duten konplizitaterik gabe, musika transmisioa da hemen benetan balio duena. Kerobiak zelaian eserita zeuden milaka lagun zutik jarri zituen, eguzkiak gogor jotzen zuen bitartean. Disko berriko kantak tartekatu zituzten ohiko abestiekin. Arratsaldeak aurrera egin ahala, Gatibuk rocka eskaini zuen eta Betagarrirekin dantza iritsi zen. Karpan, Zea Mays bikain aritu zen eta herrigunean txarangak eta kale animazioak nagusitu ziren.

Betagarriren azken elkartasun akordeekin amaitu zen Hatortxu 10a. Historikoa izango zela aipatu genuen aurreko egunetan, eta horrela izan zen. Asteburu honetan, espetxeetara bisitara joandakoen kilometroak ez dira gutxiago izan, baino Lakuntzan sortu den elkartasun soinu bandak bidaia erraztu diela argi senti daiteke.

Txerra Bolinaga (RIP)

Hainbeste urte eta gero RIP taldearen kantuak jotzea ederra izan da. Are gehiago gure ondoan batu ditugun musikari guztien jarrera ikusita. Hatortxu Rock bezalako ekimen batek merezi zuen horrelako konpromiso bat.

Francis Diez (Doctor Deseo)

Preso politiko eta sozialen aferak hunkitzen gaitu eta taldearen jarduna erabili izan dugu salaketa tresna bezala. Nahiz eta egun entsegu lokaleko lanetan murgilduta egon, horrelako ekimen batean egon behar genuela erabaki genuen.

Xavi Perez «Bull» (Eina)

Estatu espainolaren errepresioa gero eta bortitzagoa den garai hauetan, indarrak batu behar dira injustizia guztien aurka eta eskubide sozial eta politikoen alde. Herrialde Katalanetatik gure elkartasuna Hatortxuri.

Xabi Arakama (Trikizio)

Ekimen erraldoi honetan gure apurra jartzea gauza polita izan da. Eskaini ditugun bi emanaldietan zerbait berezia sentitu dugu taula gainean. Ez da zerrendan beste kontzertu bat izan. Musikari eta ikusleen artean konplizitatea nabari zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo