GARA > Idatzia > > Ekonomia

Madrilek zigor handia jaso du lihoaren auzian

Lihoaren ekoizpenari emandako laguntzak direla-eta, Europar Batasuneko Auzitegiak berretsi du Estatu espainolean «iruzur orokorra» izan dela 1996 eta 2000. urteen artean. Epaileek, 129 milioi euroko zigorra ezarri diote Madrili, eta bertan behera utzi dituzte haren errekurtsoak.

GARA |

Europar Batasuneko Auzitegiak berretsi egin zuen atzo «lihoaren iruzurra» dela-eta Europako Batzordeak Estatu espainolari ezarritako zigorra. Orotara, 129 milioi euroko isuna jaso du Madrileko Exekutiboak, lihoa landatzeko 1996 eta 2000. urteen artean emandako laguntzak direla-eta. Auzi honek zalaparta handia sortu zuen duela urte batzuk, eta PPko Gobernuko hainbat goi-ordezkari kinka larrian egon ziren.

Lihoaren laguntzak jasotzerakoan gertatutako irregulartasunak zirela-eta 2005ean Estatu espainolari ezarritako isuna justifikatua zegoela erabaki dute Europako epaileek, baina kalamuari emandako laguntzen aferan, zigorra bertan behera geratzeko agindu dute. Modu honetan, aurretik 134 milioi eurotakoa zen zigorra 129 milioitan geratu da. Oso zigor handia, edonola ere, ordezkari espainolek aurkeztutako errekurtsoak ezerezean uzten dituena.

Epaiak, gainera, berretsi egiten du Estatu espainolean «iruzur orokorra» egin zutela lihoaren uztaren auzian, eta emandako laguntzen kudeaketan irregulartasunak nagusi izan zirela.

Besteren artean, Estatu espainoleko lege-ordezkariek aipatzen zuten Europako Batzordeak ez zuela frogatu jarduera honek ustez eragindako kaltea, baina epaileek argudio hau ez dute ontzat hartu. Honekin batera, gai honen inguruan eta egoera horretan agintari espainolek erakutsitako «jarduerarik eza» kritikatu dute epaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo