GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Goizeko lehen kafea eta gaueko azkena

 

Kafetegian egin dute topo. «Egun on», esnatu eta dutxatu berriak. «Egun on», oheratzeko denborarik izan ez duenak. Kafesneari bueltaka, koilarari begira jarri dira tonto-tonto, hipnotizatuta. Bata bestearen ondoan eserita eta bata bestearengandik oso urrun.

Ez da bere izenarekin akordatzen, baina haren begiak ez dituela sekula ahaztuko iruditu zaio. Lehendabiziko tabernan berdeak iruditu zitzaizkion. Geroxeago, txosnan, urdinagoak ziruditen. Eta hanburgesa postuaren argitara beltzak ziren, beltz-beltzak. Eta gau berean akaso gehiegitan maitemindu dela konturatu da. Eta hainbestetan maitemindu izateko nahiko bakarrik dagoela gosaritan. Eta bere buruari barre egin dio.

Aspaldian ez dio begietara begiratu. Dagoeneko ahaztu zaio zein kolorekoak diren. Lehen beti pentsatzen zuen begi politak zituela, haien kolorea ahaztu zuen arte. Eta dagoeneko ez da gogoratzen noiz ahaztu zuen. Akaso goizeko lehen kafea beheko kafetegian hartzea erabaki zuen egunean ahaztu zitzaion bere begien kolorea. Denbora dezente joan da ordutik. Lehen, elkarrekin gosaltzen zuten beti, begietara begira.

Bakoitza bere pentsamenduetan murgilduta dago, koilara kafesnean bezala. Koilarari emandako buelta kopuruan neurtzen da zenbateraino dauden pentsakor. Eta, nahi gabe, elkarri begira geratu dira. Batek bestearen aurpegi freskoa ikusi du, masail gorriak eta begi biziak. Irribarrez dagoela iruditu zaio. Besteak begi-zuloak ikusi ditu, egunetan egin gabeko bizarra eta nekea. Eta harritu egin da hain nekatuta sumatu duelako, dutxatu berri eta esnatu berri, baina nekatuta. Bera ez da akordatzen lorik egin gabe dagoela. Lurrera begiratu eta zapatila zikinek gogorarazi diote oraindik erretiratzeko dagoela.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo