Eskola Ibiltaria, Lizarra eta Arbizu artean dagoena «ikusteko eta ikasteko»
Lizarratik abiatuko da gaur Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak antolatzen duen Eskola Ibiltariaren 10. edizioa. Hiru egunetan zehar Euskal Eskola Nazionala irudikatu eta bizitzeko helburua du larunbatean Arbizun bukatuko den ekimenak.
Manex ALTUNA |
Eskola Ibiltaria Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak uda oro antolatzen duen hiru egunetako ekimena da, eta gaur goizeko 11.00etan Lizarratik abiatuko dena 10. edizioa izango da. IAko eledun Ainhoa Mendibilek azaldu duenez, egitasmoaren xedea «Euskal Eskola Nazionala irudikatu eta bizitzea da, orain arte ezagutarazi diguten eskolatik aparte gauza asko ikasteko modua».
Aurten Lizarran hasi eta Arbizuraino joango dira oinez. Urbasatik igaroko dira eta bertan lo egiteko aukera izango dute. Aranatxe eta Bakaiku herriak ere ezagutuko dituzte. Web orrialdean diotenez, «sekretuz eta txoko politez betetako inguruak ditugu zain eta ikasteko eta ikusteko gauzak sobera izateaz gain, badago sorpresa bat edo beste paraje haietan».
Izan ere, ekimenaren helburua IAk urte osoan aldarrikatzen duen «Euskal Herria da gure eskola» leloa errealitate egitea da, eta ibilbidean zehar ezagutuko dituzten flora, fauna eta jarduera sozioekonomikoak «ikusteko eta ikasteko» ahalegina egingo dute. Horretarako, hitzaldi, tailer eta eztabaida ugari antolatu dituzte.
Ikasgeletatik kanpo «guk guretzat prestatutako eskola jartzen dugu martxan», azaldu du Mendibilek. Ekimena antolatzearen beharra azaltzean gogora ekarri du ikasturtea bizi duten egoera salatzen ematen dutela eta baita horren «erantzuleak eta gure eskola eta fakultateen hutsuneak» azalerarazten dituztela ere. Baina nabarmendu duenez, «horrekin guztiarekin batera, hezkuntza sistema bat, herri bat eta eskola bat eraikitzen dihardugu eta hiru egunetan horri heltzeko beharra» ikusten dutela adierazi du.
Ondo pasatzeko aukera
Eskola Ibiltariaren 10. edizioko gai nagusia lurraren ustiapena izango da, eta hainbat ikuspuntutatik aztertuko dute hori datozen egunetan. Nekazaritza guneetan barrena ibiliko dira, eta IAko ordezkariak aipatu duenez, «lurraren ustiapenak sozioekonomian, ingurumenean eta gazteongan duen eragina aztertuko dute bertako biztanleen laguntzarekin».
Bestalde, ikasle mugimenduak antolatzen duen ekimenak «ondo pasatzeko aukera paregabea eta borrokan diharduten beste ikasleak ezagutzeko beta» ere eskaintzen duela nabarmendu du Mendibilek. Ildo horretan, aurtengo Eskola Ibiltarian zenbait ezusteko egongo direla jakinarazi du, baina ez du ezer iragarri nahi izan. Hori bai, sekula baino «parte hartzaileagoa» izango dela ziurtatu du eta Nafarroa aldera gerturatzen direnak izango direla «protagonista».
50 eta 60 lagun artean batzea espero dute aurtengo edizioan. Mendibilek azaldu duenez, Eskola Ibiltaria ez da inoiz «kuantitabiboki proiektu handia izan», baina horrek «xarma» berezi bat ematen dio. Hala ere, «pena» apur bat ematen dio azken urteetan ekimena «kualitatiboki haziz joan den arren eta proiektu pedagogiko gisa gero eta pisu handiagoa izan, bertaratzen den jende kopurua gutxituz joan izanak».
Azken eguneko afaria
Aurtengo edizioan egoera horri buelta ematen hasteko gogoa dute IAko kideek. Horretarako web orriaren bitartez Eskola Ibiltariaren inguruko iritziak eta nahiak zeintzuk diren ezagutzeko ekarpen fase bat egin dute. Mendibilek aipatu duenez, jende askok galdetu izan die bai kalean bai sarean azken egunean joateko aukerarik egongo den. Lana dela-eta, hainbat jendek ezin du hiru egunetan zehar parte hartu.
Eskaera horri erantzuteko, Arbizun larunbatean izango den egitaraua jarri dute webgunean. Arratsaldeko bost eta erdietan helduko dira herrira eta dutxa bat hartu eta motxila gorde ondoren, 19.00etan aldarrikapenez betetako kalejira-poteoa egingo dute. 20.00etan izango da ekitaldia, gero afaria eta kontzertuekin bukatuko dute eguna Arbizuko gazte lokalean. Mendibilek aipatu duenez, afaria ondo antolatzeko izena ematea komeni da, eta bertara joateko autobusak izango direla esan du.
Goizeko hamaiketan egingo dute gaur harrera ekitaldia Lizarran. Lehen eskola eta bazkaria egingo dute herrian bertan eta ondoren abiatuko da oinez larunbatean Arbizun bukatuko den ibilaldia. Urbasa, Aranatxe eta Bakaiku ere ezagutuko dituzte.
Aurtengo edizioko gai nagusia lurraren ustiapena izango da. Nekazaritza guneak zeharkatuko dituztenez, sozioekonomian, ingurumenean eta gazteongan nola eragiten duen aztertuko dute.