SIR Ligako lauko finala
Bueno: «Aurrera egiteko, hau da jarraitu beharko den bidea»
Lehen aldiz jokatu da Estatu espainolean frankizien lehiaketa bat, eta bihartik aurrera Madrilen jokatuko den finalean,txapelketan aritu den euskal talde bakarra, Korsarioak, arituko da. Taldeko kapitainaren esanetan, etorkizun handiko lehiaketa da.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Azkenean heldu da SIR Liga, edo frankizien liga honen amaiera. Bihar eta igandean jokatuko da Madrilen, Teresa Rivero zelaian, lauko finala. Bihar finalerdiak izango dira, eta igandean hirugarren posturako lehia, eta final handia. Bertan izango da Korsarioak taldea, txapelketa honetan parte hartu duen euskal talde bakarra.
Euskaldunak Los Gatos talde madrildarraren aurka lehiatuko dira finalerdietan, eta hor egiten dutenaren arabera izango dute igandeko partida. «Uste dugu final aurreratu bat izango dela. Los Gatos taldeko jokalaririk gehienak Madril taldekoak dira, betiko Liga irabazi duen taldekoak. Beraz, aurkari zaila izango dugu. Irabazita, uste dugu finala ere geureganatzeko aukerak izan ditzakegula, baina zaila finalerdia izango da», esan du Gorka Bueno kapitainak.
Bere ustez, une onean heltzen omen da final hau: «Taldea oso ongi dago, min hartutakoak ere osatu dira, eta itxaropentsu goaz Madrilera. Zelaia ere bikaina daukagu jokatzeko, eta uste dugu gauza eder bat egin dezakegula».
Liga honen inguruan asko hitz egin zen joan den udan, baina gero ia desagertu egin zen, eta udaberrira bitarte ia ez zen beste ezer jakin. Azkenean, sei taldek bakarrik hartu dute parte, baina jokatu da, eta jokalariak oso gustura daudela aitortu du Buenok: «Guretzat oso garrantzitsua izan da. Jokalari euskaldunok batu gara, gehienok lehendik ere elkar ezagutzen genuen, eta oso giro ona izan dugu, uste dut merezi izan duela», azaldu du.
Dirua ere agertu da lehiaketa honetan, eta horrek ere piztu egiten ditu gauzak. «Kluben ligan ohituta geunden zegoen diru apurra kanpotarrentzat izan ohi dela, eta lehiaketa honetan kobratu dugu, eta hori ere garrantzitsua da. Uste dut, kirol honek etorkizuna izan nahi baldin badu, eta alde honetan ere profesionalizazioaren bidea hartu behar badu, hau dela jarraitu beharreko bidea», onartu du.
Ikusi den jokoa ona izan dela uste du kapitainak: «Nire ustez, kluben ligan baino hobea izan da. Presioa ez da horrenbestekoa, eta askoz ere jokaldi ikusgarriagoak ikusi ahal izan dira. Beste ligarekin alderatuta, uste dut gehiago gozatu dugula denok». Ikusle kopuruari dagokionez, berriz, bi ligak berdintsuak izan dira bere aburuz: «Nik uste dut bi ligetan berdintsua izan dela. Leku batzuetan, Donostian, esaterako, ikusle gehiago izan da. Beste batzuetan, Valladoliden esaterako, gutxiago». Partida telebistaz jarraitu duten zaleen kopurua ez da ezagutzera eman, baina kirol hau bultzatzeko asko balio duela irizten dio Buenok: «Horren berri ez dute eman, baina errugbi munduko jendeak jarraitu ditu bai partidak, baita hurrengo eguneko saioak ere. Hau lehen urtea izan da, eta helburua dena abian jartzea zen, eta hori lortu da. Uste dut jarraipena izan behar duela, eta apurka-apurka joango dira gauzak hobetzen».
Berak garbi dauka, bai kluben ligak bai frankizienak eskutik joan beharko luketela. «Hori da bidea, bat amaitu eta bestea hasi, horrela izan beharko luke, baina ikusiko da. Federazioaren egutegia lotsagarria da. Irailean liga hasi eta apirilean amaitzen dugu. Askotan hilean partida bat jokatuz gabiltza eta hori ezin da. Espainiak jokatzen duela, partidarik ez, beste zenbait lehiaketa daudela, partidarik ez. Begira, Frantziako edo Ingalaterrako ligetan, horietan selekzioek jokatu arren, ligak aurrera jarraitzen du, ez da gelditzen. Nire iritziz, denon artean elkar ulertzea ezinbestekoa da, hori da jokalariok nahi duguna», esan du Gorka Bueno jokalariak.
Euskaldunek Los Gatos taldearen aurka jokatuko dute bihar finalerdia, Teresa Rivero zelaian, 19.45ean hasita. Beste finalaurrekoa, berriz, Marinersek eta Almogaversek jokatuko dute. Final handia igandean izango da.
Beñat Arraiet zuberotarra fitxatu du Avironek datozen bi urteetarako. 29 urteko jokalari hau, azken urte hauetan Stade Montoisen, Mont de Marsaneko taldean aritu da, eta azkeneko denboraldia Top 14an egin du. Landetako hiriburura heldu aurretik, Maulen nabarmendu zen, eta orain beste urrats bat eman du Lapurdiko hiriburuko taldera joanda. Jaurtitzaile aparta da mauletarra.
Hala ere, bera ez da zuri-urdinek fitxatu duten jokalari bakarra. Ross da nabarmentzen den beste bat. Zeelanda Berrikoa da, eta bere herrialdeko selekzioarekin jokatzen du. Bera izango da euskaldunek datorren denboraldirako iragarri duten izarretako bat. Aipaturiko biekin batera, Boyovet, Da Rus eta Mazars ere aurkeztu ditu, eta oraindik taldea ixteko dute.
Avironek, amaitu berri den denboraldian oso gertu izan du Heineken Kopan aritzeko txartela, baina azkeneko unean ihes egin zion. Hurrengo denboraldirako helburu nagusia horixe izango da, eta horretarako egin nahi dute taldea, urtez urte hobetzeko asmoarekin.
Baionarrak ez dira, ordea, taldea indartzen ari diren bakarrak, Ampo Ordizia ere gauza bera egiten ari baita. Goierritarrek Bruno Pani argentinarra fitxatu dutela iragarri zuten atzo. Gipuzkoarrek ere talde sendoa egin nahi dute. Joan den denboraldian sasoi txukuna egin zuten Superligan, eta aurten ere gauza bera egin nahi dute, nahiz eta beti garbi utzi mailari eustea izan behar dela lehendabiziko helburua.