GARA > Idatzia > > Kultura

«Jazz Terrace» kontzertu sortak jazza gazteenengana hurbilduko du Montehermoson

Gasteizko Alde Zaharreko Falerina lorategia (Montehermoso), Jazz Jaialdiaren karietara antolatu diren hainbat kontzerturen agertoki izango da, gunea dinamizatu eta gazteak musikara gerturatzeko helburuz.

p042_f01_096x096.jpg

GARA | GASTEIZ

Gasteizko Udalak antolatuta eta Jazz Jaialdiarekin elkarlanean, Maite Berrocal Kultura zinegotziak «Jazz Terrace» kontzertu sorta aurkeztu zuen atzo. Uztailaren 12an hasiko den hirugarren edizioaren helburua, Gasteizko Alde Zaharra musikaz betetzea izango da, «kaleak eta plazak jendearentzako gune izan daitezen, eta hiriburua toki bizia izan dadin». Programazioa ikusle gazteenei zuzenduta dago batez ere, eta helburua haien artean musikarekiko interesa bultzatzea izango da, zehazki, jazzera hurbiltzea.

Zuzenekoetarako ondoko egutegia aurreikusi dute antolatzaileek: uztailaren 12an, Gasteizko Udal Musika Banda; 13an, Stay Blues; 14an, Tom Tom Makuts; 15ean, Acido C; 16an, Nostalgia 77; 17an, Marc Ayza Group; eta 18an, Phat Fred. Guztiak, Falerina (Montehermoso) lorategian izango dira.

Jazz Jaialdiko zuzendari Iñaki Añuaren arabera, «oso ederra da Alde Zaharra bezalako antzinako toki batean musika modernoa entzuteko aukera izatea».

Bestalde, Montehermosoko koordinatzaile Xabier Arakistainek azaldu zuen «ideia nagusia jazza eta erritmo garaikideak nahasten dituen musikaz gozatzeko toki bat bideratzea» dela, eta gazteei zuzendutako programazioa tokiko musikarientzat egokituta dagoela gaineratu zuen.

Gaur Getxon

Getxoko Jazz Jaialdiari dagokionez, gaur gauean Omar Sosa (21.30) igoko da Biotz Alai plazako agertokira. Artista afrokubatarra gaur egungo jazz musikaririk anitzenekotzat jotzen da. Egiten duen musikan munduko estilo ugari nahasten ditu eta, elektronikako elementuak baliatuta, doinu urbano, fresko eta originalak lortzen ditu. Bere aurretik, taldeen lehiaketaren barruan, Vitale-Magetelli-Windfield hirukote italiarra ariko da. Arratsaldean, Skunk Project talde kataluniarrak joko du 19.30ean Getxo Antzokiko plazan eta, 18.00etan, Dixie Five, Algortako Geltokiko plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo