Errobiko jaialdia uztailaren 16tik 19ra bitartean egingo da Itsasun
Ainize BUTRON | ITSASU
Arte adierazpideen aniztasunaren elkargune izango da berriz ere, uztailaren 16tik 19ra egingo den Errobiko jaialdia. Aurreko urteari eutsiko dio aurtengo edizioak, kantua eta berba izango baitira eskainiko diren ikusgarrien ildo nagusiak. Horrenbestez, Federico Garcia Lorca olerkariaren «Olerkaria New Yorken» obra nabarmentzea erabaki dute ostiral arratseko gaualdiko ikusgarria nagusian. Obra horretan oinarrituz, Beñat Achiary kantariaren inguruan belaunaldi eta ohitura ezberdinetako artistak elkartuko dira Itsasuko Atharri gelan, sorkuntza berezia eskaintzeko. Hamiet Bluiett eta Kahil El'Zabar jazz musikari ospetsuak, Pedro Soler, Hamid Ben Mahi eta Gaël Domenger hip hop dantzariak izango dira, besteak beste. Kantua eta berba beste hainbat emanaldiren bidez ere goraipatuko da jaialdian. Euskal Herriko eta kanpoko artista esanguratsuak izango dira bertan horretarako. Uztailaren 16ko lehenengo gaualdian, «Dantza...kanta zure bizia» emanaldian, Mizel Theret koreografoak «Dorrea» izeneko balleta emango du, eta, horren ondotik, Jon Maia eta Kukai konpainiaren «Soka» dantza ikusgarria izango da. Gaualdia «Kanta zure bizia...» jazz ikuskizunarekin bukatuko da. Larunbateko azkeneko gaualdian, Yaningak ikuskizuna emango du, eta ondotik atabalak nagusituko dira.
«Egungo kultur munduan bide berri batzuk irekitzen dituzten olerkari eta ikerlari zenbait nabarmendu nahi genituzke gure mintzaldi, topaketa eta sorkuntzetan. Ildo horretan, ohiturazko eta jazz munduko musikari anitz entzunen dira», esan zuen Achiaryk.
Egunean zehar ere, mota guztietako emanaldiak izango dira: goizeko hitzaldiak, loaldi musikalak, erakusketak, haurrentzako oihaneko ibilaldi musikatuak eta animazioak eta pilota partida.
Errobiko jaialdia igandera arte luzatuko da Arranomendi mendian egingo den «Martxa poetikoa»rekin.