GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Marine Pueyo eta Mikel Gastesi Iruñeko Udaleko hautetsi independentistak

Oinaztura handi eta euri txiki

Nabarmen gelditu da, batetik, aldarrikapen herrikoien erabilpen alderdikoiek egiten duten joko maltzurra eta, bestetik, UPNren eta PSNren autonomia falta eta goi-mailetatik datozkien erabakiekiko erabateko mendekotasuna

Pasa den udalbatzan, NaBai, PSN eta hautetsi independentisten bozekin onartu mozioan, Barcinari ohartarazi zitzaion 2007ko irailaren 21eko udal-erabakia -Santamariaren kargu uztea- bi hilabeteren buruan bete dezan. Erabaki hau beteko ez balitz, Barcinaren gaitzespena eskatuko litzateke.

Santamariaren kargugabetzea gehiengo sozial batek babestutako eskaera da. Eskaera honen oinarria hiritargoaren zerbitzuarekin zerikusirik ez eta Udaltzaingoaren jokaera errepresiboan, beronen militarizazioan eta UPNren eta Barcinaren agindu baztertzailean datza. Mehatxuek, kolpe eta jipoien salaketek, legez kontrako atxikitzeek, identifikazioek, isunek... helburu argia dute: Iruñean ezberdintasunarentzat lekurik ez duen, ideologia jakin bati erantzuten dioten auzo-elkarte eta erakundeak bakarrik eta adierazpen askatasunik ez dagoen hiri eredua ezartzea. Hau guztia bermatzeko, horrelako polizia eredua izatea ezinbestekoa da. Baina honek guztiak jende askoren pazientzia agortu du eta gertakari onartezin hauen aurkako salaketak hasi dira entzuten.

Bestalde, PSN udal taldea Barcinak gutxietsia da. Gauzak horrela, gizartearen egonezin ezagun hori interes alderdikoietarako erabiltzea erabaki dute: Barcina bere lekuan jartzea, Nafarroako Gobernuaren hurrengo presidente hautagaitzan ahultzea eta UPNk egiten duen politikatik itxuraz aldentzea. Azken batean, Santamariaren kargu uztea polizia ereduaren aldaketen lehenengo urratsa izan balitz, aspaldi egin zezaketen. Hala ere, berriro fikzioaren aukera egin dute, aurrera eramateko gai ez diren ideia salduz eta jendartean itxaropen faltsuak sortuz.

Hori guztia udalbatzan salatu genuen. Esperientziak erakutsi baitigu PSN etengabe ari dela jendartearen sentimendu eta beharrekin jolasean berezko irabaziak lortzeko. Aipatutakoa larria bada ere, ez da gauza bakarra. Benetan ez dituzten ñabardura aurrerakoiez hornitzen dira, UPNrekin dituzten itunak mantendu eta Barcina alkatetzan egotearen arduradun nagusiak baitira.

Hala eta guztiz ere, mozioa ANVko hautetsien bozekin onartua izateak, lekuz kanpoko erantzun mediatikoa zein politikoa eragin du, non UPNren eta PSNren arteko salaketek udal ituna ez ezik, Gobernua ere arriskuan jarri duten.

Dena den, eztabaida honek, 2007ko abuztuan gertatutakoak dakarzkigu gogora, baina oraingoan ahalik eta lasterren amaitutzat eman nahi dute. Barcinak Santamariaren alde adierazpen hantuste eta harroak egin ostean, orain PSNri elkar-ulertzea bultzatzera dei egin dio eta ez zutela esan zutena esan nahi adierazi du. Horrek PSN lasai utzi du, antza.

Nabarmen gelditu da, batetik, aldarrikapen herrikoien erabilpen alderdikoiek egiten duten joko maltzurra eta, bestetik, UPNren eta PSNren autonomia falta eta goi-mailetatik datozkien erabakiekiko -Udaleko egunerokotasunarekin lotura gutxi dutenak eta boterean mantentzearekin lotuta daudenak- erabateko mendekotasuna.

Bestalde, istorio honetan ezinbesteko kolaboratzailetzat agertzen da NaBai. 2007az geroztik agindutako aldaketa PSNrekin batera eman daitekeela erakusten saiatu da, baina harrizko gonbidatua suertatu zaio. PSNk ez baitu benetako aldaketa bermerik suposatzen, ez Iruñeko Udalean, ezta Nafarroan ere.

Ezker abertzaleari dagokionez, gogorarazi nahi dugu gure botoak xantaiarik eta ordainik gabeko benetako aldaketa burutu nahi duten horien esku daudela. 2007an, jendarteak Barcinari ukatutako besaulkia bete ez zezan egin genuen eta oraingoan ere eginen dugu. Barcina ez da gaitzetsia izan, ohartarazi baino ez dute egin. Gauzak horrela, bi hilabeteren buruan, udalbatzak adostutakoa betetzeke dago. Behin bi hilabeteko epea amaituta, Barcina gaitzetsiko duen akordioa hartu beharko da. Orduan ikusiko da iragarpenak bete edo PSNk berriro ere jendartearen aldaketa gogoari uko egiten dion.

Oraingoz, geunden lekuan jarraitzen dugu. Barcina ez da gaitzetsia izan eta Santamariak bere lekuan jarraitzen du. Esandakoa, oinaztura handi eta euri txiki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo