GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gasteizko jaietan herri mugimenduekin «txosnaratzeko» deia egin dute

p019_f01_088x108.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA |

Urtero bezala, Gasteizko Txosnen Batzordeak Andra Maria Zuriaren jaietako egitaraua, kartela eta webgune berria -www.gasteizkotxosnak.org- aurkeztu zuen atzokoan. Aurten ere, aspaldidanik egiten den moduan, bi agertoki izango dituzte. Batetik agertoki nagusia, eta bestetik, karpa barruko kontzertuak hartuko dituena.

Txosnen Batzordearen helburua «jai eredu ezberdin bat martxan jartzeaz gain, ahalik eta publiko zabalenera» iristea dela nabarmendu zuten, eta horregatik era guztietako musika emanaldiak izango dira abuztuaren 4tik 9ra bitartean.

«Auzolanaren emaitza»

Gasteizko jaietarako prestatutako egitarau osoa herri mugimenduen ahaleginetik datorrela eta «auzolanaren emaitza» dela gogorarazi zuten atzoko agerraldian.

Azaldu dutenez, Cobra eta Kaotiko-k estreinatuko dute agertoki nagusia abuztuaren 4ko gauerdian. Nabarmentzeko moduko ibilbidea duten musikariek osatu dute Cobra taldea, Pilt, Berri Txarrak, Kokein eta E-Virus 69 taldeetan izandakoek.

Hurrengo egunean, hilaren 5ean, eta ordu berdintsuan, «ska estiloko» The Kluba taldeaz gozatzeko parada izango da. Talde honen ostean, Dr. Ring-Ding Alemaniako ska talde beteranoak joko du kontzertuan.

Gero, 04.00etan, karpan, Revolutionary Brothers donostiarrak arituko dira, beren «Sound System» proposamenarekin.

Hirugarren egunean, 20:30ean talde sorpresa batek «afalostea alaituko» duela aurreratu zuten Txosna Batzordeko kideek. Gauerdian Lapurdiko Willis Drummon taldeak hasiera emango dio rock gauari. Jarraian, Sexty Sexers-ek joko du. Eguna bukatzeko, Sharon Stoner izango da karpan, 04.00etan.

Ostiralean Indarrap eta Ekon taldeek joko dute, eta karpan Dejota DJ arituko da. Larunbatean, ordea, Insershow talde katalanaren eskutik «berbena interaktiboa» izango da. Hau da, hasi aurretik kanta zerrenda banatuko dute publikoaren artean, eta aukeratuak joko dituzte.

Jaiei amaiera emateko Vomito eta Gatillazo izango dira. Carrocerias Betoñorekin karpan hurrengo urtera arte agurtuko dituzte festak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo