Alpeetako paraje ederrak denok gozatzeko ingurua ere badirela erakusten duen gida
Askotarikoak dira gidaliburuak, bisitatu nahi genituzkeen lekuen gaineko informazio gehiago edo gutxiago, hobeto edo kaskarrago eskaintzen dutenak, baina maiz horiek espezializaziora jotzen dute. Esate baterako, Alpeetako gida bat hizpide hartuta, zaildutako alpinistentzako informazioa etorriko zaio burura hainbati, milaka metroko ohiko gailurrak eta informazio tekniko ugari biltzen dituena, alegia. Ez da horietakoa GARAk datorren igandetik aurrera irakurleei eskainiko dien gida. Ez baita euskal alpinistentzako mendi gida hutsa, ez hori bakarrik, Alpeak denok gozatzeko moduko ingurua izan daitezkeela, badirela, erakusten duen gida baizik, eta halaxe laburbiltzen du bildumaren goiburuak. Alpeak Euskal Herriko oinezko bidaiariek lurralde hurbil baina guztiz ezezaguna dute eskuarki. Gida horren egilea, Antxon Iturriza, harritu egin omen zuen Euskal Herrian mendi-ibiliak egiteko zenbateko zaletasuna dagoen jakiteak, eta zaletasun horrekin bat datorren gida egin du, argi utzita Alpeetako paraje ederrak bertatik bertara ezagutzeko ez dagoela goi mailako mendizalea izan beharrik, ezta hurrik eman ere.