«Gazteek homosexualitatea onartu onartzen dute, baina beren inguruetatik kanpo»
Psikologian lizentziaduna, tratu txarretan espezializatua dago eta ikastetxeetan egiten du lan gazteekin. UEUko udako ikastaroetan «Bulling homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan?» ikastaroa eskaini zuen atzo.
Maider EIZMENDI
Pasa den igandean ospatu zen LGTB Harrotasunaren Egunean hizpide izan zen gazteek sufritzen duten homofobia, UEUko udako ikastaroetan bulling homofobikoaz mintzatu zen Monika Martin psikologoa. «Diskurtsoa oso ikasia dute, baina gero eta markatuagoak daude genero rolak gazteen artean» .
Zein modutan eta zen mailatan gertatzen da bulling homofoboa?
Gehitu-k egin duen ikerketa baten arabera, nahiko zabalduta dago. Datu bat ematearren, gazteen %74k entzun izan ditu gazte homosexualen aurkako irainak, eta 300 ikasletik 13k jipoitu izan dute gazte bat homosexuala delako edota ezarrita dagoen genero roletik kanpo dagoelako.
Genero rolak aipatu dituzu.
Bulling homofoboa ez dute jasaten soilik LGTB kolektiboko pertsonek, bere genero roletik irteten direnek ere jasaten dute. Gero eta markatuagoak daude genero rolak. Gazteek, beren diskurtsoan, oso markatua dute sexu moral bikoitza, oso zehaztuta dute zer egin behar duten neskek neska izateagatik, eta zer mutilek. Mutil bati futbola ez, baizik eta dantza gustatzen bazaio arazoak izan ditzake.
Bat egiten dute diskurtsoak eta jarrerak?
Banaka hartuz gero, gazteak errespetuz mintzatzen dira, baina talde araua kontrakoa da; denek berdinak izan behar dutela pentsatzen dute, eta hortik irteten denak zigortua izan behar duela. Diskurtso zuzena oso barneratuta daukate, baina sakonki aztertzen dituzunean konturatzen zara ez dela horrela: onartu onartzen dute, baina beren ingurutik kanpo. Horregatik, gazteek ere beren inguruetatik irteten direnean espresatzen dute homosexualak direla, ikastetxez aldatu direnean edota herritik aldatu direnean.
Bereziki zein eremutan gertatzen da bulling homofoboa?
Batez ere eskolan nabarmentzen da berdinen arteko diskriminazioa eta bazterkeria.
Nola eragiten dute jarrera horiek pairatzen dituzten gazteengan?
Orokorrean ez dute beren orientazio sexuala onartzen, badakitelako zer gerta daitekeen. Baina arazo larriagoak ere izaten dira: depresioa, bakartzea... Zantzuak daude gainera, bere buruaz beste egiteko arrazoi garrantzitsua dela, nahiz eta hori ez den azaleratzen.
Zein modutan landu behar da gaia?
Zaila da lantzeko baina txiki-txikitatik erakutsi behar zaie haurrei genero rolak malguak direla, ez direla horren markatuak. Gizartea oro har aniztasun eredu batean hazi behar da. Garrantzitsua da gaia ikastetxeetan lantzeaz gain, etxean ere lantzea, eta instituzioetan ere bai.
Homofobia agerikoa ez, baina «bromak» onartzen dira.
Homofobia sotila deitzen diogu horri. Gaizki dago esatea homofoboa zarela, baina txisteak egiten dira eta normalizatuta dago. Homofobia sotil hori ez da zigortzen eta kalte handia egiten du.
«Gaizki dago esatea homofoboa zarela, baina txisteak egiten dira eta normalizatua dago. Homofobia sotila ez da zigortzen»