GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel Liga

Hamabi onenak, uretaratzeko prest

San Miguel Liga larunbat arratsaldean hasiko da Bilboko ibaian egingo den erlojupekoarekin. Kantauri itsasoko hamabi traineru indartsuenek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak datozen hiru hilabeteetan. Bermeo eta Castro dira faborito nagusiak.

p036_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Dena prest dago San Miguel Ligaren zazpigarren ekitaldiari hasiera emateko. Kantauri itsasoko hamabi traineru onenek larunbat honetan ekingo diote Bilbon (18.00, ETB1) hamazortzi estropadaz osatutako lehiaketari eta irabazleak datorren irailaren 20an jasoko du merezitako saria Portugaleten jokatuko den azken jardunaldiaren ondoren. Orain artean, Urdaibai, hiru alditan, Astillero, birritan, eta Hondarribia izan dira Traineru Kluben Elkarteak (TKE) antolatzen duen liga irabaztea lortu duten talde bakarrak.

Askorentzat topiko hutsa izan daitekeen arren, lehiaketa inoiz baino parekatuagoa suerta liteke aurten. Iaz punta-puntan ibili ziren traineruei, Urdaibai -orain Bermeo izena hartuta-, Castro eta Oriori, esaterako, behetik gora datozen beste zenbait batu behar zaizkie faboritoen zerrenda egiterakoan: iazko bidetik jarraitu nahi duen San Pedro, gorengo mailan kokatzea lortu duen Kaiku, indarberrituta iritsiko den Hondarribia, fitxaketa interesgarriak egin dituen Pedreña edota ezusteko bat emateko beti prest egoten diren Zarauzko eta Zumaiako gazteak.

Zenbaki orokorrei begiratua emanez, 18 estropada horietatik, 6 Bizkaian jokatuko dira, beste 6 Gipuzkoan, 4 Galizian eta 2 Kantabrian. Traineruei dagokienez, berriz, 5 gipuzkoar, 3 bizkaitar, 2 galiziar eta beste 2 kantabriar neurtuko dira uretan. Aurten, gainera, berrikuntza nabarmen bat jarriko da martxan. Sailkapen nagusiko azkena zuzenean jaitsiko da KAE Ligara. Nor igoko den erabakitzeko, berriz, play-offa asteburu bakarrean jokatuko dute San Miguel Ligako azkenaurreko sailkatuak, KAE Ligako bi onenek eta Galiziako Ligako aurreneko biek. Bost horien artetik bi onenek TKE Ligan egingo dute arraun datorren urtean.

Bizkaitarrak, indartsu

Traineruen azterketa, halabeharrez, iazko txapeldunekin hasi beharra dago. Bermeok, izenaz gain, presidente (Jose Zabalondo), entrenatzaile (Fran Gonzalez) eta patroi (Izortz Zabala) berria estreinatzen ditu aurten. Patxi Bilbaoren zikloa amaituta, taldeak TKEko Koroa bereganatu nahiko du, liga hirugarren aldiz segidan irabazita; eta, batez ere, Kontxako Bandera lehenengo aldiz eskuratu nahiko dute, azken urteetako arantza ateratzeko asmoarekin.

Horretarako, iazko blokeari hiruzpalau aurpegi berri gehitu dizkiote. Fran Gonzalezek Victor Manuel Fernandez eta Jose Carlos Meno galiziarrak ekarri ditu berekin, patroi lanetan Izortz Zabala arituko da, etxean aspaldiko partez, eta herriko gazte batzuk ere sartu dira zerrendan. Ez daudenen artean, azken orduan ezezkoa eman duen Jose Ramon Carasa, eta udazkenean alde egin zuten Carlos Rodriguez (Pedreña), Aitzol Arrizabalaga eta Asier Zurinaga (Kaiku) nabarmentzekoak dira.

Bizkaitarrekin segituta, Kaiku bera izan daiteke puntan ibiltzeko aukera handiak dituen beste ontzi bat. Gorengo mailan aurreneko urtea izan arren, sestaoarrek maila bikaina eman dute batel nahiz trainerilletan -Euskadiko Txapeldun, 27 urte eta gero- eta Mutrikuko Bandera ere beraiek irabazi zuten. Ohikoa denez, Kortak goi mailako arraunlariak erakarri ditu eta, lehen aipatutakoez gain, Miguel Angel Ruiz eta Leandro Salvagno Astillerotik iritsi dira «Bizkaitarra« indartzera. Propio kopuruarekin arazoak izan ditzakete.

Oso bestelakoa da Arkoteren kasua. Plentziako trainerua mailaz jaitsi zen iaz eta aurten KAE Ligan aritzeko talde polita zuten lotuta. Baina azken orduan, Cabo da Cruzen ezezkoa medio, berriz ere San Miguel Ligan arraun egiteko aukera izango dute. Iazkoaren antzeko taldearekin, azken postua ekiditeko borrokara kondenatuak daude Tiran eta Meira bi ontzi galiziarrekin batera.

Castro, Orio eta gipuzkoarrak

Bizkaitarrei aurre egiteko prest, lehen tokian, Castro aipatu beharra dago. Juan Mari Etxabek bigarren urtea beteko du entrenatzaile lanetan eta iaz egindako lan bikainari -bandera gehien beraiek irabazi zituzten, Kontxakoa barne-, beste helburu bat gehitu diote: TKE Liga aurreneko aldiz irabaztea. Iaz horren lan ona egin zuen Iker Gimeno patroi gazteak talde bertsua izango du bere esanetara aurten ere, sei arraunlari euskaldun tartean direla.

Eta beti bezala punta-puntan egoten saiatuko direnak, bakoitza bere mailan, ontzi gipuzkoarrak izango dira. Aldaketa dezenterekin, Orio aipatu behar da lehenik. Arraunlari askok taldea utzi dute -Jon Albizu, Mikel Arostegi, Ibon Etxeberria, Ibon Gaztañazpi, Agustin Mujika eta Endika Uranga falta dira-, baina denboraldiaurrean ikusi denez traineruak maila ona eman du, elkarte horrek duen harrobi amaigabearen erakusgarri. Berrikuntzen artean zeresan gehien eman duena Oier Aizpurua zumaiarra izan da, piraguismoan Munduko Txapelketa irabaztea zer den dakiena.

Neguko komeriak gaindituta, indartsu datorren bestea San Pedro da. Aitor Baldak eta Gaizka Garmendiak ontzian jarraituko dute azkenean, eta Zarautz aldetik Gabi Larrinaga eta Jose Mari Intxausti iritsi dira, bloke oso interesgarria osatuz. Lekeitioko Banderan sekulako erakustaldia eman zuten.

Hondarribiak ere, iazko gora-beherak ahaztu nahian, talde oso polita bildu du, 2006an liga irabazi zuenaren oso antzekoa. Orduko emaitzak berdintzea zaila izango den arren, Orbañanosen mutilek txukun aritzeko aukera asko dituzte, esperientzia handiko trainerua dela kontuan izanda.

Borroka horretan sartuko dira Zarautz eta Zumaia ere. «Enbatak», Enrique Lopez entrenatzaile berriaren eskutik, beste urrats bat eman nahi du gorengo mailan, nahiz eta bizpahiru gizon garrantzitsuk alde egin duten. «Telmo Deun» ontziak, azkenik, bloke oso antzekoa aurkeztuko du, gutxienez, mailari eusteko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo