GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian atxilotutako hamabi lagunetatik sei aske dira

Larunbatean hasitako polizia operazioan atxilotutako hamabi lagunetatik sei aske geratu ziren atzo: Xan Beyrie -Pariseko epailearengana eraman ostean-, Aritz Ortino, Orkatz Arano, Txomin Catalogne, Harri Idoate eta Joseba Agirrebarrena. Gainerakoek polizia etxean jarraitzen zuten azken orduan. Atxilotuen egoerari buruzko berri eskasia eta erasoa bera gogor salatu zituen Segi-k, «fitxatze masiboen estrategian» kokatuz. Hilaren 11n manifestaziora deitu du.

p012_f02_199x116.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Aste honetan Lapurdin eta Nafarroa Beherean atxilotutakoen berri zehatz askorik izateko modurik atzo ere ez zen izan, oro har. Soilik larunbatean atxilotutako Xan Beyrie kanboarraren familiari jakinarazi zioten Pauetik hegazkinez eramana zutela Parisera. Gauean jakin zen epaileak aske utzi zuela, baina kontrol judizialpean.

Aritz Ortino, Orkatz Arano, Txomin Catalogne, Harri Idoate eta Joseba Agirrebarrena ere aske geratu ziren iluntze eta gau partean. Gainerako seiek atxiloturik jarraitzen zuten, itxura guztien arabera, Baionan.

Berri eskasia dela-eta, protesta ugari izan da egunotan. Hala, astearte gauean herritar multzo bat Baionako komisaria aitzinean elkartu zen atxilotuen askatasuna exijitzeko. Ordu batean, gas negar-eragileak erabiliz Poliziak handik bortxaz bota zituen arte. Atzo iluntzean, hainbat ezezagunek arrautzak jaurti zituzten komisariaren aurka.

Atzo ere, Segik antolatuta, dozenaka gaztek manifestazioa eta auto-karabana egin zuten Lapurdiko hiriburuan eguerdian.

Gazte erakundeko 60 bat kidek prentsaurrekoa eman zuten goizean, polizia operazioa salatzeko. Bi atxilotu izan ezik -Joseba Agirrebarrena eta Jon Goio-, gainerakoak Segiko militanteak direla adierazita, elkartasuna helarazi zieten.

«Ez da eraso bakana»

Segiren esanetan, azken operazioa ez da «eraso bakana» izan eta «gazteak ikaratu eta desaktibatzeko, fitxatze masiboan oinarrituriko estrategia errepresiboan» beste urrats bat da. «Tu- rismoaren eta bigarren etxebizitzen aurkako ekintzak aitzakia hartuta», azken hilabeteetan 30 gazte atxilotu edota deitu dituzte, gerora aske geratu direnak. Segiren iritziz, «autoinkulpatzeko, lagunak salatzera behartzeko, informazioa biltzeko eta hatz marka zein ADN laginekin artxiboa osatzeko» baliatzen ditu Poliziak galdeketak.

Familiaren eta lagunen kezkari Poliziak «harrokeriaz eta mespretxuz erantzun izana» salatu du, bestalde, Askatasunak, atxiloketa aldia sei egunera luzatuko duela mehatxu egin baitu.

Operazio honek haserrea eta erreakzio ugari eragin du. Herenegun Batasunak eta Abertzaleen Batasunak egindako salaketari, atzo Autonomia Eraiki gehitu zitzaion. Operazioaren helburua, «Ipar Euskal Herriaren alde lanean diharduten indarrak, bereziki gazteak, izutzea» dela adierazita, «gatazka konpondu beharrean, indarkeria eta amorrua sustatu» besterik ez dutela egiten nabarmendu zuen.

Atzo ere, aurreko egunetan bezala, elkarretaratzeak izan ziren Baionan (200), Kanbon (170) eta Lartzabalen (150). Gaur, berriz, Tolosako Triangeluan manifestazioa egingo da, bereziki Jon Goio tolosarraren eta Ibai eta Joseba Agirrebarrena lizartzarren atxiloketak salatzeko.

Bestalde, Euskal Herriko 56 bertsolarik Ekhi Erramundegi atxilotutako kideari elkartasuna adierazi diote, tartean, Unai Iturriaga, Igor Elorza, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Sustrai Colina eta Amets Arzalluzek.

Burua ez makurtzeko eta uztailaren 11n kalera ateratzeko deia

«Errepresio estrategiari aurre egiteko, errepresioaren antzutasuna agerian uztea», beste aukerarik ez dagoela nabarmenduta, hiru egiteko finkatu ditu Segik «erasoen» aurrean.

Lehenik, gazteak atxilotu edo komisariara deitzen dituztelarik, «galdeketetan ez dutela kolaboratuko, ez dituztela lagunak salatuko eta euren xantaiari» ez diotela men egingo erakustea.

Bigarrenik, «mobilizazioaren eta herri haserrearen» bitartez agerian uztea «Euskal Herrian gatazka politikoa dagoela. Hau da, polizia operazioekiko bumeran efektua sortzea eta jendartean onartezinak bilaka daitezela».

Azkenik, «eraso hauek guztiek min egiten» dietela onartzen badute ere, gazte mugimenduko dinamikarekin aitzina jarraitzea da beren egitekoa.

«Eraso» hauek guztiek gazteak egiten duten «lanaren balioa» erakusten dute Segiren ustez, baina, baita Estatuaren «ezintasuna eta kezka» ere. Horrenbestez, gazte erakundearen hitzetan, «ez da burua makurtzeko garaia, ez eta jarrera ezkorra elikatzekoa ere».

Horiek horrela, datorren uztailaren 11rako dei berezia egin diote euskal gizarteari eta, batik bat, gazteriari Donibane Lohizunen, arratsaldeko bostetatik goiti abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

«Euskal gazteria aitzina! Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da» lelopean atxilotu guztiak askatzeko, polizia operazioek sortzen duten herri-haserrea erakusteko eta «Euskal Herria aintzatetsi eta errespetatzen ez duten bitartean gurekin jai dutela aldarrikatzeko» baliatuko dute manifestazioa. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo