GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Sukalki Eguna, mungiarren festa bereziena izatea lortu duen asmakizuna

Ohi bezala, Sukalki Egunarekin amaituko dira bihar San Pedro jaiak Mungian. 1960ko hamarkadan lagun koadrila batek inguruko herri batzuetan ospatzen ziren Arrantzale Eguna edota paella txapelketetan oinarritutako asmakizunak, hasiera-hasieratik lortu zuen herritarren artean errotzea. Unean uneko egoera politikoak tirabira bat edo beste sortu izan duen arren, mungiarren festa egun esanguratsuena eta bereziena bilakatu da.

p022_f02_97x176.jpg

Manex ALTUNA |

55 urte beteko dira aurten lehen Sukalki Eguna ospatu zenetik. Mungiako jaietako egun berezi hau lagun koadrila bati herriari bizitasuna emateko otu zitzaion asmakizuna da. 1963an herriko apaiza zen Jose Maria Arregik kultur ekintzak antolatzeko elkarte bat sortzea proposatu zuen. Danak Bat izena hartuko zuen.

Herriko koadrila batek begi onez ikusi zuen ekimena. Gehienak abertzaleak ziren eta gustuko zuten Ondarroa eta Bermeoko Arrantzale Egunetan eta Getxoko paella txapelketetan sortzen zen giroa. Ekimen horietan oinarrituta, gastronomia lehiaketa bat antolatzea bururatu zitzaien, eta ezberdintzeko prestatu beharreko jakia erregosia izango zela erabaki zuten.

Alkate frankistaren baimena lortu zuten, baina jaia antolatu behar zuten Torrebillela parkeko sarreran bandera espainolak jartzekotan zela jakin zuten. Herritarren artean sor zezakeen kontrako jarrera aurreikusita, parkera beste alde batetik sartzeko zubi bat eraiki zuten. Irudimena erabiliz gainditu zituzten trabak, erantzun ona jaso zuen ekimenak, eta festa giro bikaina izan zen.

Horren erakusgarri, bazkalostean egin zuten herri danborrada. Txistulariak doinuak jotzen hasi ziren eta beren atzetik hainbat jende altxatu zen plater, eltze, zartagin eta botilekin erritmoa jarraituz. Horrela sortu zen urteen poderioz jaietan funtsezko izatea lortu duen ekimenetako bat.

Danak Bat elkarteak antolatu zuen lehen Sukalki Eguna, baina hurrengoa Anaitasuna txokoari egokitu zitzaion. Abertzaleak zirela-eta, garaiko agintariek ez zituzten begi onez ikusten Danak Bat-eko kideak eta ezin izan zuten elkartea legalki eratu. Gainera, aldaketa egon zen Udalean eta alkate berria Sukalki Eguneko antolakuntzan eskua sartzen saiatu zen. IV. edizioa Udalak bere kabuz antolatu zuen eta mungiarrek bizkarra eman zioten. Hori dela eta, hurrengo hiru urteetan bertan behera gelditu zen.

Guardia Zibilaren inbasioa

1971n Udal Gobernu berria iritsi zen eta festa berreskuratu zuen. Alkate frankistekin izandako tirabirez gain, 1976an ospatu zen edizioa izango da Mungialdeko jendeak inoiz ahaztuko ez duenetakoa. Adolfo Suarez zegoen Madrilgo Gobernuan. Ikurrina oraindik legez kanpokoa zen eta bi ikur agertu ziren jai eremuan. Zuhaitz baten muturrean jarri zuten ikurrina bat, eta Guardia Zibila hura kentzeko zuhaitza aizkora batekin botatzen hasi zen.

Jose Antonio Torre, Medius, gero 20 urte kartzelan egingo zituen preso politikoa, haien parean jarri zen. «Eusko Gudariak» abesten hasi zen jendea eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko oihuak entzun ziren. Orduan guardia zibil gehiago gerturatu ziren Hidalgo kapitaina buru, parkea inguratu eta festa zapuztu zuten.

Urteak aurrera joan ahala gero eta parte hartze handiagoa izan duen festa bihurtu da Sukalki Eguna. 1966. urtetik San Pedro jaiei egun osoko festa honekin ematen diote bukaera mungiarrek.

ERREGOSIA

Uriguen parkean egiten den lehiaketan parte hartzeko erregosia prestatu behar da. Behi okela (zangarra, lepoaldea edo hegala), patatak, tipula, berakatza, txorizotarako piperra, azenarioak, tomatea eta ilarrak dira osagaiak.

ERROPAK

Praka urdin eta kamiseta zuriarekin joatea da ohitura. Hasieratik erabaki zuten horrela janztea antolatzaileek Mungiako banderaren koloreak urdina eta zuria baitira.

FESTA

Giro paregabea izaten da egun osoan, baina bazkalosteko danborradarekin eta fanfarreak Foruen plazarako bidea hasten duenean hasten da berotzen. Bertan erromeria izango da eta gauerdian udaletxe aurrean bukatzen dira jaiak zapiak erre eta dantzan aritu ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo