Alfre Elgezabal Burgos eta Iratxe Arriola Alzola Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
Rabunin 49 gradu, eta Gasteizen?
Lehendakari berriak Kolonbia edo Finlandiako presidenteak hartuko lituzkeen bezala hartuko al du Mohamed Abdelaziz (RASDeko presidentea) Ajuria Enean edo Artazako Jauregian? «In salah»
Aljeriako Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako hiriburuko termometroak tenperatura hori adierazten du. Normalean kanpamentuetan bizi diren sahararrak uztailean eta abuztuan pairatzen duten infernuko beroagatik gehienetan ez dira ez lanera joaten, ezta etxe edo jaimetatik ateratzen ere. Ezin dute, izan ere, Saharako basamortuak duen ingururik gogor eta antzuenean (Aljeriako Jamadan) bizi dira eta batzuetan tenperaturak 50 gradutik gora ere egiten du.
Rabaten, Marokoko hiriburuan, klima epelagoa da. Epelagoak ez direnak Espainiak 114 milioi eurotan Marokori saldu dizkion gudarako armak dira. Maroko armen komertzioan Espainiaren bezerorik garrantzitsuenetarikoa da gaur egun. Ba al du inork Mohamed VI.ak (Marokoko erregeak) arma horiekin egin dezakeenari buruzko zalantzarik? Sahararrek duda izpirik ere ez dute.
Armak ez dira mehatxu bakarra. Duela gutxi lurralde okupatuetan Marokok udal hauteskundetarako bozak jaso ditu, hauteskunde «demokratikoak», non eta «okupaturiko» lurraldeetan. Batzuetan hiztegiak uzten dizkigun hitz batzuen terminologiek argi erakusten digute Maroko, Espainia, Frantzia eta NBEko agintarien absurdoa noraino hel daitekeen.
NBEko deskolonizazioaren batzarrean dauden ordezkarien buruetan ere sargoria da nagusi, sukarra izaterainoko tenperatura. Makina bat urteren ostean Saharako auzia berriz ere ebatzi gabe dute aipaturiko batzarrean. Hori gutxi balitz, urterik behin NBEk beste barik MINURSOren misioa berresteari ekiten dio inolako berrikuntzarik adierazi gabe, itxaropenak berehalako berrikuntza behar duenean.
Bien bitartean espainiar Gobernuak labeko tenperatura mantentzearen aldeko apustua egiten du, labe barruan osagaiak berak jarri dituela erabat ahaztuta noski. Azkenaldian gainera lurralde okupatuetako El Aaiunera bidaia egin duen PSOEko senatari batek Marokok Mendebaldeko Saharari eskaintzen dion autonomiaren proposamenarekin bat egin du, inpartzialtasunetik urrun eta labe barrukoaren txinpartak areagotuz. Moratinosek esana da Madrilgo kaleetan RASDen alde milioi bat pertsona ikusi arte ez dutela atzamarrik mugituko. Aurpegia behar da gero horrelakoak esateko, batez ere horrelako mobilizaziorik gabe aurreikusi bako bestelako neurriak hartzeko gai direnean. Mobilizazioak mobilizazio, militarrez mozorroturik dagoen El Aaiunen (okupaturikoan) duela pare bat hilabete autodeterminazioaren aldeko manifestazio baketsua egin zen, eta Mohamed VI.a errege alauitaren Poliziak 30 lagun atxilotu zituen. Lurralde okupatuetako hirietan dauden polizia eta militar marokiarrek kale eta komisarietan erratza pasa eta gero, giza eskubideak sotoko bazterrik ezkutuenean uzten dituzte sarri. Emakumeek, gazteek zein agureek haien torturak eta tratu txarrak pairatzen dituzte berdin berdin.
Su eta gar barik, epel, Loiuko aireportuko eskaileretatik behera jaitsiko dira egun gutxi barru urtero gurera datozen ume sahararrak. Ziur asko, ez dute Txorierriko haizearen beharrik izango hemengo klimaren freskotasunak eta harrera familien bihotzen beroak aurpegietatik irria atera dakien. Haien jatorrizko Mendebaldeko Saharako (okupaturikoa) Ozeano Atlantikoak bustitzen duen arren, gehienek ez dakite itsasoko ura zer den ere.
Itsasotik lehorrera bueltatuz, Sahararekiko Gasteizen dagoen oraingo tenperatura neurtzeko termometrorik ez da erabili oraingoz. Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak orain arte RASD herrialde burujabe eta ofizial gisa onartu dute. Erakunde hauetan dauden alderdi guzti-guztiek (PSE-EE da bere jarrera argitu ez duen bakarra) bat egiten dute onarpen honekin. Jaurlaritzak Saharari begirako garapenerako lankidetza neurri berean gauzatzen jarraituko duelakoan gaude (hil ala bizikoa da). Baina are ezinbestekoagoa da aitzitik erakundeek Marokori egin beharreko gaitzespen politikoa, eta espainiar Gobernuari gatazkaren konponketan exijitu beharreko erantzukizuna. Sahararen autodeterminazioaren alde eta Zapateroren pasibotasunaren aurka PSOEko hainbat zinegotzi eta militante egon badaude, baina lehendakari berriak Kolonbia edo Finlandiako presidenteak hartuko lituzkeen bezala hartuko al du Mohamed Abdelaziz (RASDeko presidentea) Ajuria Enean edo Artazako Jauregian? «In salah»
Gurean euskal probintzia ezberdinetako 80 euskal gazte batu gara, urtebetez Saharari buruzko formazioa egin eta Ausserdeko errefuxiatuen kanpamentura bidaiatu dugu. Kolore, ideia eta jatorri ugaritako gazteak gara, gazte antolatuak zein ez antolatuak. Ilusioarekin eta indarberrituta alde batetik, erakundeei presio politikoa eragiteko prest, eta, bestetik, euskal gazteriari formazioa eta sentsibilizazioa hedatzeko irrikitan. Hamaika esateko daukagu eta salaketa zein mobilizaziorako proposamen mordoa. Sukar barik, haizagailuak piztuta, baina elkartasunak eta justizia nahiak ematen duten beroaz jantzita hazten jarraitzeko eta saharar gazteen itxaropenaren alde ekiteko atarian gaude, abiatzeko prest.