GARA > Idatzia > > Kultura

Zumetak «zoroaren poesia» margotu du, askatasun osoz

Artista usurbildarrak «Oi! Bihotz» erakusketa aurkeztu du Bilboko Arte Eder museoan. Arrasateko Santa Ageda ospitale psikiatrikoko gaixoek idatzi eta 1985ean «Globo Rojo» aldizkarian argitaratutako olerkiak ardatz dituen lana 150 aleko serigrafia bildumak osatzen du.

p048_f01_148x100.jpg

Anartz BILBAO

«Enkontru bakoitzean jaiotzeagatik, eta engaina zaitzaten uzteagatik, Oi! bihotz». Arrasateko psikiatrikoko gaixo batek idatzi olerkitxoa da, Jose Luis Zumetak (Usurbil, 1939) orain hogeita bost urte, 1985 inguruan, «Globo Rojo» aldizkarian irakurri zuena. Usurbildarrak adierazi duenez, gustuko izan ditu beti bide akademikotik kanpoko espresabideak, umeen jarduna eta kaleko artistak, arte eta literatura marjinala, eta, irakurritako testuak indartsuak zirela iritzita, haiekin zerbait egin zezakeela otu zitzaion, lana bi hamarkada geroago burutu duen arren.

Hogeita sei testutan oinarrituta, hogeita hamabost marrazki egin ditu usurbildarrak, eta 38 serigrafiako karpeta sortu (150 ale, zenbakituak eta sinatua), Usoa alabak inprimatuak. Azken honek animatu zuen aita aspaldiko ideia berreskuratu eta lana gauzatzera, 2006an-edo, eta atzo biek esan zutenez, «urte asko dira elkarren lan egiteko modua ezagutzen duguna, eta eroso aritu gara elkarlanean, ondo konpondu gara».

Testuei dagokionez, «ez dira batere konkretuak», dio artistak, eta «askatasun osoz garatu ditut, oso prozesu irekian». Aukeratu ere, «horregatik aukeratu nituen hein batean, askatasun osoz lan egiteko aukera eman didatelako». Marrazkiak eta testuen arteko «lotura bat lortzen ahalegindu naiz, baina testuek badute zerikusia nire lan abstraktuekin».

Arte Eder museoan

Marrazkiak, bakoitzak bere testua lagun duela (euskarazko itzulpenak Rafa Egigurenek egin ditu eta ingelesezkoak Eli Tolaretxipik), Bilboko Arte Eder museoko 33. aretoan -paper gainean egindako erakusketak hartu ohi dituena- daude ikusgai, datorren irailaren 13ra bitarte. Gerora, litekeena da Donostian ere ikusgai jartzea, eta beharbada baita beste tokiren batean ere, Durangoko Azokan -liburu azoka izanik lotura zuzena duelako-, Gernikako Museoan eta Ipar Euskal Herrian.

Javier Viar Arte Eder museoko zuzendariaren esanetan, «lana zoragarria da alde guztietatik, artistikoki zein teknikoki», eta Zumetak landu ohi duen «espresionismo abstraktua agerikoa da». Bilboko museoa «tokirik aproposenetarikoa» zen lana jendaurrean jartzeko, Zumeta aita-alaben ustez, eta lanaren balioa ikusita, eta Viarren esanetan, «merezi izan du ahalegin bat egin eta datak adostea», eta hala berretsi du Bilboko Arte Eder museoak ere: «Ezinbesteko ikusten genuen lan hau gurean izatea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo