Wimbledoneko gizonezkoen finalerdiak Esait Novena edición de la Mendi Martxa
Historian lekua lortzetik gertu dago Roger Federer
Suitzarrak hamabosgarren Grand Slam-a irabaz lezake bihar Roddicken aurka Londresko final handian.
GARA | LONDRES
«Ekaitzaren ondoren barealdia dator» edota «garai txarren ondoren onak etorri ohi dira» sarri entzundako esamoldeak buruan bueltaka izango ditu egunotan Roger Federer tenislari suitzarrak. Duela urte batzuk torneo gehienak irabazten zituen, rankineko lehen postura meritu osoz helduz, baina garai txarra ere pasa behar izan du egun munduko bigarren sailkatua denak. Hala ere, badirudi bere magia eta jokorik onena berreskuratzen hasia dela berriro ere.
Atzo hala erakutsi zuen suitzarrak Tommy Haas alemaniarraren aurkako partidan. 7-6 (3), 7-5 eta 6-3 irabazi zion Federerrek aurkariari bi ordu iraun zuen neurketan, eta Wimbledonen ondoz ondoko zazpigarren finala jokatuko du bihar.
Garaipenak soilik ez du bere erreakzio baikorra erakusten. Izan ere, tenislari suitzarra oso pozik agertu zen garaipena nola lortu zuen ikusita: «Tommyk oso ondo jokatu duela uste dut. Horregatik nago hain pozik sailkapena lortzeagatik, partida zaila izango zela banekien-eta. Ikaragarria da berriro hemen egotea».
Lehenengo seta -46 minutu iraun zuena- tie break-ean erabaki behar izan zen, ordura arteko berdintasuna apurtu ahal izateko. Haasek beherakada nabarmena izan zuen une horretan, eta erraztasun guztiak eman zizkion Federerri finalerdietako lehenengo partziala irabazteko.
Hurrengo bi setetan Haasek izerdi ugari bota behar izan zuen munduko bigarren tenislariari irabazten saiatzeko, baina alferrikakoa izan zen.
Federerren jokorik onena berreskuratzearekin batera, errekorra ere lor dezake suitzarrak. Izan ere, Pete Sampras estatubatuarrak duen marka, 14 Grand Slam irabaztea, gainditu lezake bihar Federerrek, hamabosgarrena lortuta.
Roddick, aurkari
Suitzarrak, ordea, ez du aurkari erraza izango aurrean. Andy Roddick izango da Federerren lidergoa apurtzen ahaleginduko den tenislaria. Estatubatuarrak oso partida gogorra jokatu behar izan zuen atzo Andy Murray eskoziarraren aurka -6-4, 4-6, 7-6 (9) eta 7-6(5)-. Lau setetan eta hiru ordu baino gehiagotan erabaki zen norgehiagoka, tartean bi tie break jokatu zirela.
Hala, suitzarrak bere seigarren garaipena erdietsi ez dezan ahaleginduko da amerikarra.
Serena eta Venus Williams ahizpa estatubatuarrek bosgarren finala jokatuko dute gaur elkarren kontra Wimbledonen, euren ibilbideko 22. lehia. Ahizparik gazteenak, Serenak, hamaika garaipen lortu ditu, eta Venusek, hamar. Londresko torneo honetan, berriz, bina berdinduta daude biak garaipenei dagokienez. Serenak 2002an eta 2003an irabazi zuen, eta Venusek, berriz, 2000n eta 2008an. Horrez gain, binakako finala ere jokatuko dute Samantha Stosuren eta Rennae Stubbsen aurka.