GARA > Idatzia > > Ekonomia

Bizkaiko 600 familia baino gehiagok elikagai-txartelak jasoko dituzte

Eroskik, Euskadiko Kutxak eta Bizkaiko Caritasek lankidetza hitzarmena sinatu dute krisiaren eraginez oinarrizko premiei erantzuteko baliabide nahikorik ez dutenei laguntzeko. Horren arabera, 600 familia baino gehiagok elikagai-txartelak jasoko dituzte Bizkaian.

GARA |

Eroskik, Euskadiko Kutxak eta Bizkaiko Caritasek sinatu duten hitzarmenaren arabera, baldintza jakin batzuk bete eta Caritasera laguntza eske doazen pertsonek Eroskik Bizkaian duen edozein saltokitan trukatzeko moduko «elikagai-txartelak» jasoko dituzte.

Ekimena abian jartzeko behar den azpiegitura osoa eskaintzeaz gain, Eroskik eta Euskadiko Kutxak proiektu honetarako diru ekarpena ere egin dute, Bizkaiko Caritasen baliabideen osagarri gisa. Akordioa indarrean den bitartean, Bizkaiko 600 familia baino gehiago ekimen honetaz baliatzea aurreikusi da, jakinarazi dutenez.

Bizkaiko Caritasek artatzen dituen baliabide nahikorik gabeko familiei oinarrizko kontsumo produktuak helarazteaz gain, proiektu honen bitartez, gizarte laguntzarekin zerikusia duten irizpideetatik at ere normalizatu nahi da elikagaietarako irisgarritasun hori, bazterkeria egoeran edo horretarako arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea xede duten prozesu zabalagoetako irizpide integratzaileei jarraituz. Ekimenaren partaide guztiek bat egingo dute «elikagai-txartelak» banatu eta kontrolatzeko prozesuan. Alde batetik, Bizkaiko Caritas arduratuko da laguntza eskatzen duen pertsona edo familiaren egoerari buruzko informazioa batzeaz, eskatutako baldintzak betetzen dituen ala ez egiaztatu ahal izateko. Eskabideak batu eta onuradunak erabaki ondoren, gizarte-langile batek prozesu osoaren jarraipena egingo du funtzionamendu egokia segurtatzeko. Eroskik, bestalde, dagokion lana egingo du saltokietan.

Elikagai-txartelak izendunak dira eta urtebeteko gehienezko iraupena izango dute. Laguntzaren gehienezko iraupena hiru hilabetekoa izango da.

kontrola

Bizkaiko Caritas arduratuko da familia bakoitzaren egoera eta laguntza hartzeko baldintzak betetzen ote dituen baloratzeaz eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo