GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria Jaietan | SAN FERMINAK

Iruñean egon ezin direnak bihotzean, topa eginez eman zioten hasiera sanferminei

Peio Sanchez gaixotasun larria duen preso ohiak egin zuen errepresaliatuen aldeko brindisa, eta eskerrak eman zituen, herri mobilizazioak azken hileetan sei preso gaixo atera dituelako espetxetik.

Oihana LLORENTE |

Sanferminetako sei edizio Euskal Herritik ehunka kilometrotara ospatzera kondenatua izan ostean, larriki gaixorik den Peio Sanchez euskal preso politiko ohia Iruñean izan zen atzo eta jaiei hasiera emateko ohorea izan zuen. Ez zuen ez udaletxeko txupinazoa jaurti, baina askorentzat jai-hasiera sentituagoa den brindisa egin zuen berak, hain zuzen ere, euskal preso eta iheslarien omenezko brindisa.

Urte gogorra izan da aurtengoa iruindarrentzat, iazko abuztuaren 24an abian jarritako polizia operazioa dela-eta hogeitik gora lagun, bereziki gazte independentistak, izan baitira atxilotuak eta gehienak torturatu eta kartzelatuak. Horietako bat izan da Maitane Intxaurraga; arbizuar hau aske gelditu, ordea, eta Sanchezekin batera, xanpain botila irekitzeko parada izan zuen atzo.

Gaixotasun larri bat dela medio Fresneseko espetxea abenduan utzi zuen atzean Peio Sanchezek; dela kartzelan, dela ihesean eman dituen urteetan data seinalatu hauek ospatu izan dituela esan zion GARAri, zapi gorria jantziz eta hala moduzko brindisak eginez. Atzo bai Sanchezek eta bai Intxaurragak zuzen-zuzenean bizi izan zuten sanferminetako jaien hasiera, baina beraiekin egon ezin direnak izan zituzten gogoan.

San Frantzisko plazan zen hitzordua, sanferminek eztanda egin eta ordu batera. Parranda usaina zegoen bertan, baita zuriak ez ziruditen makina bat kamiseta ere. Kalapitaren erdian ordea, «Presoak kalera amnistia osoa!» zioen pankarta zabaldu eta agertoki bat muntatu zen ustekabean. Oholtzatik ongietorria eskaini zien bertaratutako guztiei Ilargi Jaunarena Etxerateko kideak, eta gogoan izan zituen bertan egon ezin diren iruindar eta euskal herritarrak. Haientzat bidali zituen lehen muxu eta besarkadak. Jaian murgildu aurretik ordea, galdera zuzena jaurti zien Jaunarenak UMP eta PSOE alderdiei: «Non dago Jon?».

«Estatu terrorismoak» Donostiako militante politikoa desagerrarazi duela salatu, eta jaietan zehar «Jon eta euskal preso eta iheslariak ez ahaztera» gomitatu zituen iruindarrak, gure herrian ezaguna den leloa gogora ekarriz: «Jaiak bai, borroka ere bai!».

Bertso eta ohorezko agurraren ostean, iritsi zen hitz-hartze nagusia. Gaixotasun larri bat artatzeko Fresneseko espetxea atzean utzi duen Peio Sanchezek gogoan izan zituen, bera bezala, gaixorik izanik ere, presondegietan eduki izan dituzten eta oraindik ere badituzten euskal presoak. Azken hileetan, espetxe zein kalean «garai gogorrak» bizi direla ez zuen ezkutatu preso ohiak baina aurrerantzean ere, «borrokan jarraitzeko premia» dagoela nabarmendu zuen.

Mobilizazioaren baliagarritasuna, gainera, frogatu egin dela deritzo Sanchezek, eta horren lekuko preso gaixoen zerrenda jarri zuen mahai-gainean: duela urtebete zerrenda hori 14 presok osatzen zuten bitartean, horietako 6 kalean direla ekarri zuen gogora. «Eta hori zuen mobilizazioari esker!», aldarrikatu zuen oholtza gainetik.

Kalean diren sei horietatik, halaber, bera bakarrik dagoela «libre» argitu zuen, gainontzekoak «etxean preso daudela» salatuz. Euskal herritar hauek «sufritzen dituzten baldintza murritzaileengandik libratzeko»; gaixorik eta oraindik kartzelan jarraitzen duten presoak, eta zigorra beteta dutenak askatzeko, herritarrei egin zien dei Sanchezek, «orain arte bezala borrokan jarraitzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo