GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finala

Juan eta Aimar, jaietako beste zezenak, aurrez aurre

Berasaluze VIII.a-Begino eta Xala-Zubieta bikoteen arteko lehiak San Fermin Torneoari hasiera emango dio.

p041_f01_148x92.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Iruñeko Labritek pilotazaleentzat aukera-aukerako giroa eskainiko du gaur, goizean eta gauean guztira bi pilota jaialdi eta bost partida jokatuko baitira pilotalekuan, jarraitzaileen mesederako.

Lehen jardunaldian elkar oso ondo ezagutzen duten bi aurkari arituko dira berriro ere aurrez aurre San Fermin egun handian: Olaizola II.a eta Irujo. Elkarren kontra hainbeste jokatzeak aspertu egingo ditu bi pilotariak, baina ikusleak kontrako iritzikoak izango dira ziur aski, ikuskizuna ikusi nahiko dutelako Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finalean (12.30, ETB-1).

Kanporaketak arazorik gabe gainditu zituzten bi nafarrek. Olaizola II.ak Iker Arretxe kanporatu zuen Asegarceko adarrean (22-9), eta Irujok erraz menperatu zuen ere Alberto Ongay (22-7) Aspekoan.

Goizuetarrak eta iberoarrak euren indarrak neurtzen dituzten ondoz ondoko laugarren finala dute. Izan ere, abenduan Lau eta Erdiko txapelketan ikusi zuten elkar -Olaizolak lortu zuen garaipena 22-17ko emaitzarekin-. Martxoan, elkarren kontra aritu ziren Binakako Txapelketako finalean -Irujok eta Goñi III.ak 22-21 irabazi zuten Olaizola II.aren eta Mendizabal II.aren aurka-. Eta bien arteko azken norgehiagoka garrantzitsua ekainaren 7an izan zen, Buruz Buruko Txapelketan, eta 22-12 irabazi zion Irujok goizuetarrari.

Gaur jokoan egongo den Nafarroako Lau eta Erdikoari dagokionez, ondoz ondoko bosgarren finala izango du Aimarrek txapelketa honetan. Modalitate honetan ondo moldatzen den pilotaria da goizuetarra, eta azken hilabete hauetako finaletan irabazi ez izanaren arantza kendu nahiko du.

Irujori, aldiz, Lau eta Erdikoa gutxien gustatzen zaion modalitatea izanda, finalean da berriro ere, kanporaketetan maila ona emanda, gainera. Bere sari-bildumarako beste ale bat lortzen saiatuko da gaur, Buruz Burukoan hiru aldiz txapeldun dena.

Goizeko jaialdia Koka-Otxandorena eta Gonzalez-Arruti bikoteen arteko norgehiagokak irekiko du (11.30etik aurrera).

San Fermin Torneoa

Labriteko bigarren jardunaldian, gauean, San Fermin Torneoari hasiera emango zaio Berasaluze VIII.a-Begino eta Xala-Zubieta bikoteen arteko lehiarekin (23.15).

Gaueko jaialdia beste bi partidek itxiko dute: Apezetxea-Urberuaga bikotea Belloso-Eskuderoren aurka, eta Saralegi-Apraiz Olazabal-Galarza VI.aren kontra.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo