GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Hondurasko herrian jarri behar dira begiradak eta itxaropena, herriak behar baitu babesa

Abiatu dira Manuel Zelayaren eta kolpisten ordezkarien arteko negoziazioak Costa Rican. Roberto Michelettik lehendabiziko bileraren ostean ospa egin du eta Hondurasera itzuli da negoziazioak hasi aurretik. Honek erakusten du kolpisten benetako borondatea. Oscar Arias Costa Ricako lehendakariak negoziazioen oinarria Zelaya Hondurasera lehendakari gisa itzultzea dela esan du. Paradoxikoki, bi aldeen itxikeria salatu du.

Bitartean Hondurastik gero eta berri gutxiago jasotzen dira. Ezarritako errepresiozko neurrien ondorioen inguruko berririk ez da eta hildakoen nahiz atxilotuen gaineko datu berririk ere ez. Diplomaziaren jokoan buru-belarri sartuak, munduko mandatariek hartzen dituzten neurriak Hondurasko herritarren hobe beharrez hartu behar dituztela ahaztu dutela dirudi.

Zentzu honetan, diplomazian ez ezik, Hondurasko herritarrengan jarri behar da orain begirada eta itxaropena, beraiek baitira egoera zailena bizi dutenak. Halaber, beraiek babesteko neurriak hartu behar dira, kolpearen garaipena edo porrota han jokatzen baita beste inon baino gehiago. Diplomazia alferrikakoa izango da borrokaz eta elkartasunaz laguntzen ez bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo