GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Biarritzek Avironek baino Liga hasiera samurragoa izango du

J.L. | BAIONA

Eman da ezagutzera jadanik Top 14ko egutegia, eta Liga hasiera dezente samurragoa izango du Biarritzek Avironek baino.

Denboraldia inoiz baino lehenago hasiko da, abuztuaren 14-15eko asteburuan abiatuko baita. Liga erregularraren amaiera, berriz, apirilaren 24an izango da.

Lehen jardunaldia, abuztuaren 14-15eko asteburuan, Biarritzek etxean jokatuko du Castresen aurka, eta Avironek irteera zaila izango du, egungo txapeldunaren, Perpinyanen zelaian aritu beharko baitu.

Bigarren jardunaldian ere Biarritzek bere zaleen aurrean jokatuko du, eta oraingoan Albi hartuko du Agilera estadioan. Aviron ere etxean arituko da, baina aurkari zaila izango du, Stade Française izango baitu aurrez aurre.

Derbiak, berriz, irailaren 11-12ko asteburuan, eta urtarrilaren 27-28ko asteburuan jokatuko dira. Joanekoan, Biarritzi egokitzen zaio etxean jokatzea, eta itzulerakoan, Avironi. Dena dela, Biarritzek etxean jokatu beharrekoa Donostian, Anoeta estadioan, jokatuko dela baieztatuta dago, eta itzulerakoan Avironek ere gauza bera egin nahi du, baina hori ez dago baieztatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo