GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

ARGIA Iñaki Mendiguren

Jainkoa laikoa da

(...) Espainiako Konstituzioak ideologia, erlijio eta kultu askatasuna bermatzen die gizabanakoei eta elkarteei, ordena publikoaren muga bakarrarekin (16.1 art.); beraz, eliza katolikoa, beste kristau-elizak, gainerako erlijio-elkarteak... aske dira nahi dutena sinetsi eta adierazteko, eta hori beren jarraitzaileei irakatsi eta ezartzeko; aske dira, adibidez, beren kideren bat abortu-egile edo homosexual praktikantea baldin bada, elkartetik bota edo infernuko -ez mundu honetako- sutara bidaltzeko... eta aldi berean Irakeko gerraren arduradunak amultsuki beren altzoan hartzeko... Bidegabekeria onartezina da, ordea, beren ikuspegiak gizarte osoari ezarri nahi izatea, inor behartu gabe bide berriak ireki eta eskubideak hedatzen dituzten legeak eragozteko presio egitea, eta abar. Eta are bidegabeagoa da Espainiako eliza katolikoaren jokaera, frankismo osteko trantsizioan Estatuak berretsi zizkion pribilegioez baliatzen baita horretarako.

Gero eta gehiagoren ustez, eliza katolikoak uko egin beharko lieke pribilegio horiei, sinesgarritasun espiritualik nahi badu... edo Estatuak kendu egin beharko lizkioke, bere laikotasun-aldarrikapenetan sinesgarritasun politikorik nahi badu. (...)

Gero eta gehiagoren ustez, eliza katolikoak uko egin beharko lioke Errenta Aitorpenaren eta abarren bidez Estatuak biltzen eta ematen dion diruari. Bidezkoagoa litzateke bere elizkideek zuzenean emandako diruaz bizitzen hastea -beste erlijio-elkarte batzuek egiten duten bezalaxe-.

Jakina, bi neurri horiekin eliza katolikoa kinka larrian sartuko litzateke Espainian, bere kideen benetako kopuruaren eta egiazko konpromisoaren aurrean aurkituko litzateke eta. Baina krisialdi horretatik pasa beharra dauka noizbait, «ez baldin badu guztiz galdu nahi nahiko eskas duen fama» (Xabier Lete dixit), edo era positiboan esanda, Ebanjelioaren arabera bere burua eraberritu eta Jesusek nahi zuen bezalako Eliza izan nahi badu egunen batean. (...)

Hego Euskal Herrian ere kontraesan handi samarrak ditugu, gizarteko aldaketa lasterrekiko koherentzia handirik gabe iraganari eta tradizioei atxikiegi jarraitzen dugu eta. Nafarroan inon baino beharrezkoagoa dirudi gizarte zibilaren eta erlijioaren eremuak ongi bereizi eta banatzea. EAEn, xehetasun txiki bat izan bazen ere, niri ondo iruditu zitzaidan Patxi Lopezek lehendakaritza hartzerakoan Biblia eta Jainkoa bakean uztea. (...) Baina behin hasita, ona litzateke aurrerantzean lehendakaria ez ikustea Donostiako Salbean, edo Loiolako, Arantzazuko, Armentiako, Begoñako... erlijio-ospakizunetan, ez behintzat ofizialki euskal herritar guztion ordezkari gisa. Edo eraikin publikoak bedeinkatzeari uztea, eta beste ohitura asko eta asko serio aztertzea. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo