Mugimendua eta poesia elkartzen dituen koreografiaren sekretua
Dantza Hirian jaialdiak lehen aldiz koreografia propio bat aurkeztuko du irailean. Jaialdiaren filosofiarekin bat eginez, Iker Gomez koreografoa «Apple street» dantza ari da sortzen. Egitasmoaren funtsa mugimendu bilakatuko du Biarritzeko Gare du Midin, bi astez, eta ondotik, Donostian.
Idoia ERASO
Poesia moduko bat egiten saiatzen naiz, dantzaren balio poetikoa da garrantzitsua, publikoari helarazi nahi diogun sentimendua adierazteko», horrela azaldu zuen dantza garaikidearen sorkuntzaren ikuspegia nazioarteko ibilbidea duen koreografoak. Ikuspegi zabal hori ikusleei helarazteko, esaldi koreografikoen artean gelditzen diren tarteei esanahia ematen saiatzen da Iker Gomez eibartarra.
Hutsunea betetzea da koreografoak bilatzen duena, espazioa mugimenduarekin betetzea. Lan horretan hasi baino lehen, entseatzen hasi baino lehen, koreografoaren esaldi gustukoenetako bat entzuten da estudioan: «Mugimenduaren isiltasuna». Mugimendua gelatik desagertutakoan, espazioa mugimenduarekin betetzen hasten dira dantzariak.
Dantzari ikusleengana ailegatzeko bidea irekiko dion baliabideetako bat sagarra da. Sagarra, dantzari izenburua ematen diona, «Apple street». Sagarra, dantzaren argudioaren parte den maitasunaren eta desioaren metafora. Sagarra, munduko metropolia den «sagar handiaren» irudia, hiriaren irudia, eta festibalaren baitan hiria dantzaren agertoki bilakatzen dena. Sagarra agertokian izango da espazioa betetzen eta esaldi koreografikoen arteko hutsuneei esanahia ematen lagunduko du bere egonean. Sagarra, gainetik ibiltzean bestelako mugimenduak sorrarazten dituena dantzariengan. Sagarra.
Sagarraz gain bestelako baliabideak ere erabiliko ditu koreografoak, CD bat esaterako. Geroago argituko denez, Antonio Machinen «Tengo una debilidad» kantua duen diskoa. CD hori lurrera bota eta berriz jaso ondoren, kantua entzutean, musikaren alaitasunarekin batera hitzek aipatzen duten «ahulezia»ren berri ematen duten mugimenduek osatzen dute koreografia. Sortzailearen ideia islatzen dute mugimenduek.
Koreografoak kalean dantzatzeko sortzen duen lehen lana dela nabarmendu zuen: «Aldeko eta kontrako alderdi guztiak kontuan hartuta kaleak eskaintzen dituen baliabide guztiak erabili nahi ditut lanak indar gehiago izan dezan». Dantza garaikidea kalera ateratzen ari da, «jendea ez denez antzokietara joaten, gu ateratzen gara jendearengana», azaldu zuen Gomezek, Dantza Hirian jaialdiaren espirituarekin bat eginez.
Kaleko dantzak, hirietako espazioak mugimenduarekin betez dantzariak jendearengana zeresana duen zerbaitekin heldu nahi du: «Nik nahi dudana da, jendeak, dantza ikusi eta gero, handik berriz pasatzean, espazio hori nola hornitu genuen oroitzea».
Jaialdiak dantza mundua ezagutarazteko helburua ere badu, horregatik, egitasmoaren harira, dantza taldeekin egonaldiak antolatu dituzte. Donostia, Orereta eta Irungo adimen urriko Gureak zentroko helduak izan ziren Biarritzen. Dantzaren esanahia, koreografoaren lana, mugimenduaren ibilbidearen nondik norakoak ikusteaz eta ulertzeaz gain, dantzatzen ere ibili ziren.
Koreografoa eta bere dantzaria esaldi koreografikoak musikarekin aurkezten ari ziren bitartean, ikusleetako hainbat dantza beraien gorputzetan gelditu ezinik zeuden aulkietan eserita. Horietariko batzuk gero agertokira igo, eta Iker Gomezekin koreografia bat sortu zuten, Gustavo ikusle-dantzariaren mugimenduetan oinarrituta.
Sorrera prozesuak aurrera egiten du, Biarritzeko koreografia zentroko egonaldiaren ondoren, Donostiako Artelekun beste bi astez biribilduko dute lana. Jaialdia irailaren 9tik 26ra iragango da Baiona eta Donostia artean, eta Iker Gomezen sorkuntza bi hiriburuetan eta Irunen eskainiko da tarte horretan. Bitartean, artistak egindako aurrerapenak bere webgunean eskainiko ditu, www.dvdanceart.com helbidean. «Sorkuntza bilakabideen ikuspegia eskaintzen dugu bideoen bitartez», azaldu zuen artistak.