GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ainhoa Mendibil eta Unai Txurruka Ikasle Abertzaleak

Bidea egiten, eraikitzen dihardugu

Oraindik asko falta bazaigu ere, bagoaz bidea eraikitzen. Lizarratik Arbizura arteko bidean egindako urratsak ez dira alferrik emanak

Euskal Herriko 40 ikasle inguruk, hiru egun pasatu ditugu Lizarratik Arbizura arteko bidea eginez, eta bidean ikasteko zegoena ikasiz.

Eskola Ibiltariaren hamargarren edizioa izan dugu aurtengoa eta, jada bukatuta, balorazio positiboa egiteko moduan gaude.

Aurtengo Eskola Ibiltaria aurkeztu genuenean aipatu bezala, azken urteetan, Eskola Ibiltaria proiektu pedagogiko moduan hobetuz joan den arren, bertaratutako jende kopurua jaisten joan da urtetik urtera. Hori horrela izanik, aurtengo edizioa erabakigarria zen guretzat. Benetan proiektu honek merezi duela frogatu behar genuen, eta esateko daukagu horrela izan dela.

Lizarran hasi genuen bidea, eskola interesgarriekin, paraje izugarriarekin eta giro bikainarekin bukatu genuen Arbizun.

Hiru egunez, Lizarra aldeko, Sakanako eta Urbasako ingurua ezagutzeko aukera izan dugu, betiere bertako bizilagunekin harremanean eta euren laguntzaz lortu dugu inguruotako egoera ezagutzea. Inguruko nekazaritza eta abeltzaintzaren egoera ezagutu dugu, baita berau indartzeko lanean dihardutenen esperientzia ere.

Era berean, gazte ikuspegi batetik, nekazaritza inguruen egoera larriari irtenbideak emateko bideak aztertu ditugu denon artean, eta benetan aberasgarria izan da hori guretzat; bereziki baserri eta nekazaritza mundua horren gertu ez ditugunontzat.

Eskola Ibiltari orotan aipatu izan duguna da, eta aurtengoan ere praktikan jarri duguna, Euskal Herria dela gure eskola. Bada, beste behin ere, Euskal Herriak dituen sekretu ugari ikasita bueltatu gara geure etxeetara.

Baina ez gara horretara mugatu. Geuk ere badaukagu-eta elkarri erakusteko ugari. Horretan aritu gara hiru egun hauetan. Era guztietako ikasleak batu gara Eskola Ibiltarian eta dezente izan dugu ikasteko elkarrengandik.

Ondo pasatzeko astirik ere ez zaigu falta izan eta ondo aprobetxatu ditugu hiru egun hauek. Gitarra eta kaxa soinuak entzun genituen Aranaratxeko elizpean pasatako gauean, geure kantatzeko abileziak jarri genituen praktikan Urbasako Santa Marinako txaboletan, eta bertsotarako ere gai ginela erakutsi genuen Arbizun, elkarri bertsoak kantatuz.

Hiru egun hauetan esperientzia ahaztezin hau egia bilakatu eta konpartitu dugun oro harro egoteko moduan gaude. Gure helburua den Euskal Eskola Nazionala lortzeko argi dago asko falta zaigula oraindik. Baina horrelako ekimenek erakusten digute indarra soberan daukagula, proiektu bat badugula, eta poliki-poliki bada ere, bagoazela aurrera urratsak egiten.

Argi daukagu borroka honek merezi duela, eta aurtengo Eskola Ibiltariak are eta argiago utzi digu hori denoi.

Oraindik asko falta bazaigu ere, bagoaz bidea eraikitzen. Lizarratik Arbizura arteko bidean egindako urratsak ez dira alferrik emanak. Eraikitzen dihardugu, eraikiko dugu, eraiki zank!

Zorionak eta eskerrik asko urratsak eginez bidea eraikitzen dihardugun denoi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo