GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA

Erlauntzen barrenean kuxkuxean, ziztadarik gabe

Eguzki goxoa lagun zutela, mundu osoko 4.600 landare, zuhaitz eta lore motaren artean paseatu, eta erlauntzek barrenean gordetzen dituzten sekretuak ezagutu zituzten atzo Aiako Pagoeta parkeko bisita gidatuan parte hartu zuten lagunek. Urola Kostako Mankomunitateak antolatu zuen ekimena, saguak momia bihurtzen dituzten animalia harrigarri horiek gure bizitzan duten garrantzia azaltzeko asmoz.

Maider IANTZI

Acanthaceae, Aceraceae, Betulaceae, Basellaceae, Crassulaceae, Epacridaceae, Ebenaceae eta bertze hamaika landare familiaren artetik pasatu eta tunel batean sartu ziren Iturraran parketxean bildutako lagunak, gehienbat gurasoak seme-alabekin. Sarearen bertze aldean zituzten erlauntzak eta haien ondoan Amaia eta Mila bisitaren gidariak, gorputz iletsuko intsektuengandik babesteko jantzi zuriak soinean. Erlauntza bana ireki, eta batek euskaraz eta bertzeak gaztelaniaz, barruko misterioak argitu zituzten.

Hiru erle mota bizi dira bertan: erregina edo eme emankorra, eztia eta argizaria ekoizten duten eme antzuak edo langileak eta, azkenik, erregina ernaltzen duten arrak edo erlemandoak. Estalkia kendu eta, kontuz-kontuz, Amaiak abaraska bat atera zuen, eztia gordetzeko erleek erlauntzaren barnean argizariz prestatzen dituzten gelaxka hexagonalen multzo bat, alegia. Tunelean, haurrak aho zabalik zeuden. «Ze nazka!», oihukatzen zuen batek, «Begira, nola haserretu diren», bertzeak.

Abaraskan larba edo enbrioi gutxi zeuden; erregina baten gela bat zegoen eta gainerakoak erlamandoenak ziren; polena eta eztia nahastuta zeuden. Adituak agertu zuenez, argizariarekin ate bat egin eta gelak ixten dituzte eta arrautzatik jaiotzen direnean buruarekin kentzen dute estalkia. «Erlamando bat ari da jaiotzen, begi handi-handiekin!». Neska-mutilak Amaia baino lehenago ohartu ziren.

Erreginek 2.000-3.000 arrautza jartzen dituzte, gehienak ekaina-uztailean. Sei edo zazpi prestatzen dira erregina izateko, baina horietatik soilik batek betetzen du helburua, aurrena jaiotzen denak besteak eztenez hiltzen dituelako edo bi batera jaiotzen badira sekulako borroka izaten dutelako, hil artekoa. Indartsuenak irabazten du lehia. Erreginak bost urte bizitzen dira eta egiten duten lehenbiziko hegaldiari eztei bidaia deitzen zaio: zeruan, erlamandoen hodei batekin egiten dute topo, honek bi geruza edo maila ditu eta lehenengoak bigarrena babesten du. Bada, erreginak 13-14 erlemandorekin ibiltzen dira jarraian eta bizi osorako hazia gordetzen dute gorputzean. Gero, behin soilik ernaltzen dira.

Animalia xelebreak

Bitxiak dira erleak. Saguak erlauntzera eztia lapurtzera sartzen zaizkienean pozoiarekin hiltzen dituzte, baina gero ezin dituzte atera hagitz handiak direlako, eta gorpua bertan ustelduz gero zikindu eta agian gaixotu ere eginen liratekeenez, propoliarekin baltsamatzen dituzte. Garbi-garbiak dira erleak eta indartsuak ere bai, beren gorputzaren adinako pisua eraman dezaketelako eta, gainera, hegan egin. Gainerako intsektuek bezala, sei hanka dituzte eta atzekoekin garraiatzen dute polena.

Erregina-jelea (jalea real, gaztelaniaz) erlearen esnea da, guruinetik ateratzen duten likido txuria da eta kumeak elikatzeko erabiltzen dute. Eztia, aldiz, lepo azpian eramaten dute, mingaina lasto luze baten antzekoa dute eta horrekin xurgatzen dute loreen zukua. Ur anitz izaten du nektar honek. Gero, erleek, hegoak abiadura bizian astinduz edo murtxikatuz, hezetasuna kentzen diote eta eztia egiten dute.

Amaiak nabarmendu zuenez, erregina-jeleak sekulako indarra dauka eta, beraz, primerakoa da makal samar gabiltzanean hartzeko. Propolia, berriz, zintzurreko mina sendatzeko aproposa da. Ziztadek min egiten dute eta bada jendea alergia diena, baina gainerakoentzat ona omen da giharretako minari aurre egiteko.

Amaiaren eskuetan, abaraskako erleak alerta egoeran zeuden: ipurdia altxata, inguruan jendea zebilela abisatzen zieten lagunei. Ez dute hitz egiten, baina komunikatzeko bertze bide batzuk dituzte.

Erlategitik aterata, erleen produktuak dastatu eta kandelak egiten ikasi zuten bisitariek. Hagitz gustura zeudela nabari zitzaien eta seguru hemendik aitzinera gehiago jabetuko direla erleak zein garrantzitsuak diren eta gehiago estimatuko dutela animalia bitxi hauen lana. Erleek gizakia elikatzen duten ereindako landareen lautik hiru polinizatzen dituzte eta munduko loredun landare guztien %90. Erlerik ez balego, 3.000 landare espezie galduko liratekeela kalkulatu dute. Einsteinen arabera, gizakiak ere hagitz urte gutxi iraungo luke. Naturaz gozatuz ikasteko aukera bikaina ematen die Iturraran parketxeak eskola, talde zein herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo