GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ondasunak eta hondamenak

Azken egunotan ohiko bihurtu da hedabideetan jende-andana lerrokatuta ageri duten argazkiak ikustea. Tourreko taldeen aurkezpena etorriko zaio burura bati baino gehiagori. Txina aldeko Xinjian pasatuko zaio burutik beste batzuei, estatu handiko segurtasun indarrekoak kalerik kale estatu gabeko uigurrak odolusten andanan doazela, statu quo estatua dutenei baino ez dagokiela gogora arazten. Ertzain taldearen argazkia ere igaroko zaio burutik honi edo hari, tabernako beste argazkiak lapurtzen, edo udaletxe batzuen aurrean lerroan, Aldrebeskeria Handiko Trena helburu lurren desjabetze aktak sinatu daitezen bermea ezartzen. Hau kolpea, gero! guk burujabetza eskatu eta haiek desjabetza ezarri. Zer demonioz beteta izan behar duten batzuek burua burujabetza gogoa kabitu ez dakien! Beste argazki bat izan dut buruan hau abiatzean, L´Aquilan orain egun gutxi hartua. Munduko handien ei diren zortziak lerrokatuta bildu direnekoa; G8 edo, G horrek bere horretan esangura ugari izan dezakeela, batzuk oso esanguratsuak. Irudimena agintari! Eta zalantza batek harrapatu nau bete-betean: herri hori hautatu dute goi bilera egiteko orain hilabete batzuk bertan lurrikara gertatu zelako ala lurrikara gertatu zen herri horretan bertoko plaka tektonikoek aurretiaz bazekitelako hilabete batzuk geroago G8koak bertara biltzeko zirela? Zerk-zer eragin! betiko kontua, han, hor eta hemen. Tira, lurrikarak epizentroaren inguruko lurrak ikaratu zituen, lurron gainekoak hondatuz. Goi bilerak, ostera, bere zentrokoa ez den lur guztia, periferia dioten hori, hondatzen segitzeko bidea zabaldu du, horren eraginak planeta osotik hedatuko direla, globalizazioaren pandemiaz. Bidea zabaldu esan dut, apropos, lehendik irekita zegoen bidea zabalago utzi dutela argitzeko. Handiak dira, dudarik ez dut, batez ere dirutan, eta zortzi baino gehiago izan liteke gerora, handi izatea amets duten txiki batzuek horretako oposizioak prestatzen baitihardute, baina lurra orubetzat hartu zuten momentutik argi geratu zen ezgaiak zirela, beren aginpidean ezgauzak, eurek ondasunak sortutako hondamenak zuzentzeko. Lurrikaretan dut nik konfidantza ipinita. Bitartean L´Aquilan hasiak dira zutik dauden hormetako pintaketak ezabatzen, made in Euskadi patenteaz. Zutik horma ezabatuan zinen hitz salatzailea...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo