Ondare historikotzat har litezkeen arrantza tresnak zakarretara bota dituzte Lakuako teknikariek
Herria sortu zeneko 800. urteurreneko ekitaldien artean, Itsas Eguna ospatu zuten iragan ekainaren 28an Mutrikun. Portu ingurua duela 200 urteko kostaldeko herrixka bailitzan atondu zuten, eta bertan, 170 herritar inguruk garai hartan nola lan egiten zuten erakutsi zuten. Jaiaren antolatzaile Leo Belaustegik GARAri adierazi zionez, hamar bat laguneko taldea arrantzarako erabiltzen ziren tretzak prestatzen aritu ziren. Amuak josten zituzten soka edo tretza horietara, eta amuzkiak jarrita, prest zituzten arrantzarako.
Jaiaren amaieran, tretzak egiten aritu zirenek tresna horiekin zer egin erabaki behar zuten. Amuetako amuzkiak garbitzeko onena, tretzak itsasora bota eta hurrengo egunean jasotzea zela erabaki zuten. Horrela, buia batez seinaleztatuta, itsasoan utzi zituzten tretzak. Guztira bost tretza eta 400 amu bota zituzten.
Hurrengo egunean jasotzera joan zirenean, ordea, Lakuako Arrantza Ikuskaritzako teknikariekin egin zuten topo. Mutrikuarrek azaldu zieten zer jasotzen ari ziren. Belaustegiren ustez «agian ez zen erabaki egokiena izan tretzak uretara botatzea, baina, ez zuten inongo arau hausterik egin». Teknikariek tretzak jaso eta eraman egin zituzten. Duela egun gutxi jakin ahal izan dutenez, tresna horiek zakarretara bota dituzte. Antolatzailearen hitzetan «ondare garrantzitsua bota dute zakarretara». Bestalde, teknikariek ez dute azalpenik eman nahi izan.