TOURRA Zortzigarren etaparen ostean
«Zeruan dagoen anaiari esker»
Luis Leon Sanchez pozik agertu zen, bere garaipenak taldea animatzeko balio izango zuelako. 2005ean hil zen anaia eta Alejandro Valverde gogoratu zituen.
Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ
Itxura txarra zeukan aurtengo Tourrak Caisse D´Epargne taldearentzat. Bazirudien Alejandro Valverderen hutsunea handiegia izango zela Pariseko azken etaparen ostean balorazio positibo bat egin ahal izateko. Hori gutxi ez eta, Oscar Pereirok agur esan zion Tourrari atzoko lehendabiziko kilometroetan. Egoera ezin ilunagoa zen arratsaldeko 15.00etan Eusebio Unzueren taldearentzat, baina kirolaren magia medio, ezin argiago bihurtu zitzaien 17.00 alderako. Ordu gutxiren buruan, dena aldatuta.
Luis Leon Sanchez pozik eta hunkituta agertu zen prentsaren aurrean. «Motibazio falta handiarekin hasi ginen, Valverderen hutsuneagatik. Garaipen bat behar genuen gogoak suspertzeko, eta niri egokitu zait. Benetan pozik nago», esan zuen. Garaipena nori dedikatu ere argi zeukan txirrindulari murtziarrak: «2005ean motorrean izandako istripuan hil zitzaidan anaia. Harreman estua genuen. Beti genbiltzan batera, eta badakit zerutik laguntzen didala», esan zuen. Eskaintza horrekin batera, Valverderi ere keinu adiskidetsua egin zion Sanchezek. Ezaguna da bi txirrindulari murtziarrek harreman bikaina dutela, eta garaipena «hemen egon ezin duten horiei ere» eskaintzen ziela gaineratu zuen.
Rinaldo Nocentinik asko sufritu arren, maillotari eustea lortu zuen. «Hasieran ez dugu lanik egin, baina maillota arriskuan ikusi dugu, eta kontrol lanetan lagundu dugu orduan», azaldu zuen.
Alberto Contadorrek, berriz, talde estrategiaren gaineko hausnarketa egin zuen. «Guri ez zaigu komeni maillota hartzea. Hobeto beste batek izatea, hark egin dezan lan», esan zuen Pintoko txirrindulariak. «Andy Schleckek erakutsi ditu bere asmoak, eraso eginez. Kontu handiz ibili beharko dugu ezustekorik ez izateko», gaineratu zuen.
Carlos Sastrek etaparen balorazio «positiboa» egin zuen: «Egun ona izan da. Hushovd maillot berdearen bila etorri da, eta gaur berreskuratu egin du». Sasoiz ere ongi omen dabil Sastre: «Lehia bizia egon da, baina arazo gabe eutsi diot», azaldu zuen.