GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Iratxe DUEÑAS

Uda, elkartasuna, futbola

Donostia Cupek gazteen artean futbolaren lehia eta grina uztartzen ditu astebetez. Lehia, baina, lagunartekoa. Bestalde, urtez urte bideak urratuz, mutilek duten mailaren inbidiarik ez dute neskek.


Donostia Cup udako futbol lehia uztailaren 5etik 11ra bitartean ospatzen da. Aurtengoa 18. edizioa du 19 herrialdetako neska-mutilak bildu dituen lehiaketak. Bertan parte hartzeko aukera nahi duen ororen eskura dago, eta hor izaten dira bai bertako taldeak, bai urrutikoak. Antolatzaileek ezartzen zuten muga bakarra, maila bakoitzeko berrogei talde baino gehiagok ez parte hartzea, txiki geratu da oraingoan adinaren arabera antolatzen diren maila guztietan.

Baina ez dezagun pentsa Donostia Cup lehia hutsa denik, kirola eta festa, berdintasuna, ezberdinen arteko bizikidetza sustatzea... horiek guztiak ditu helburu, eta horretarako makina bat ekintza antolatzen dituzte: ongietorria, afaria, eta inguruak ezagutzeko aukera.

Talde bakoitzak egindako apustu eta aukeraz gain, txapela kentzekoa dirudi batzuen grinak. Izan ere, Europako herrialdeetatik solik ez, batzuek itsasoa ere zeharkatu dute Donostian egoteko. Izan ere, Peru, Venezuela, Maroko eta Nigeriako taldeek parte hartu dute lehiaketan, beste askoren artean.

Gainera, oztopo guztia gaindituz, urteak joan urteak etorri, nesken parte-hartzea bere tokia hartzen ari da. Aurtengo ekitaldian emakumezkoen 48 taldek parte hartu dute, inoiz izan den kopururik handiena. Tartean, mundu mailan onentsuenak diren belgikar, alemaniar eta estatubatuarrak. Hiru herrialde horien teknika eta esperientzia nabarmendu dute beste taldeek; beraiek, aldiz, lehiaketan izaten den lehiakortasuna.

Borroka bai, futbol zelaian, baina behin partida amaituta, hizkuntza ezberdinak ez dira muga, eta laguntasuna da nagusi. Bertan izan diren guztien arabera, inongo kexarik ez, eta primerako giroa, lagunartean. Arazorik aipatzekotan, lehen egunetako eguraldi txarra.

Denak beraz, denak datorren urtean bisita errepikatzeko prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo