GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Euskal gazteria aitzina!» harrabotsa Donibane Lohizuneko karriketan

Azken polizia operazioak sortutako haserrea begi bistan geratu zen atzo, Segik antolatutako manifestazioan. Donibane Lohizunetik Zibururainoko bidean oihuek ez zuten etenik izan. Mobilizatzera ez ezik, «lanean jarraitzera» eta «erasoen aurrean ez makurtzera» deitu zuten.

p012_f01_199x108.jpg

A. MANTEROLA

Eguzkiak gogor jotzen bazuen ere, kementsu egin zuten Donibane Lohizune eta Ziburu arteko bidea atzo Segik antolatutako manifestazioan parte hartu zuten mila lagunek.

Luis XIV.aren plazatik abiatu eta jendez josita zeuden erdiguneko karrikak igaro zituzten. Oihuek eta leloek ez zuten etenik izan ibilaldi osoan: «Euskal gazteria aitzina!», «Borroka da bide bakarra», «Segi borrokan, segi antolakuntzan», «Independentzia eta sozialismoa», «Euskal Herria ez da salgai» eta «Utzi bakean Euskal Herria» izan ziren aldarri errepikatuenak.

Joan den ekainaren 27an eta 30ean izandako polizia operazioan atxilotutako hamabi pertsonetatik, epaileak Fresnes eta Fleury-Merogiseko espetxeetara igorri dituen hiru gazteei elkartasuna eta sostengua adierazteko, «Eneko, Gilen eta Ibai askatu» aldarria ere ozen jaurtiki zuten manifestariek.

Turisten harridura

Oporretan edota asteburu luzea profitatuz kaleetan zebiltzan turista askok, harrituta, mobilizazioaren zergatia galdetzen zioten elkarri. «C'est pour le prisonniers politiques basques» zioten batzuek. Beste batzuek, ordea, azalpen zabalagoa izateko aukera izan zuten banatzen zitzaizkien esku-orriei esker. Horrela, azken hilabeteetan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan izan diren atxiloketa, etxe-miaketa eta fitxaketa uholdearen berri izan zuten.

Lapurdiko bi herriak elkartzen dituen zubia igarota, Michele Alliot-Marie (MAM) Justizia ministro izendatu berriaren etxerainoko bidea hartu zuen manifestazioak. Hurbiltzea lortu zuen baina bide erdian Poliziak ezarritako hesiak martxa geldiarazi zuen.

Une horretan manifestarien oihuak areagotu egin ziren eta tentsio uneak ere izan ziren. Poliziak gas negar-eragilea erabili zuen manifestariei aurka egiteko; baita hauek erantzun ere hainbat objektu jaurtiz, tartean ke-poteak, eta haizeak bultzatutako ke-lainoarekin inguratu geratu ziren jendarmeak.

Aurrez aurreko tenkak hamabost bat minutu iraun zuen, manifestariek Ziburuko plazarako bidea hartu zuten arte. Han, Segiko ordezkari batek hartu zuen hitza, eta horrela, amaiera eman zioten mobilizazioari.

«Eusko Gudariak» abestu aitzin, gomendio argia zuzendu zien hizlariak bertaratutakoei, eta batik bat, gazteei. «Badakigu errepresio-estrategiak ez duela, seguru asko, etenik izango. Baina argi izan bezate ez garela beren xantaian eta manipulazioan eroriko; ez ditugula beren gezurrak sinetsiko; ez dugula `lagun batek salatu zaitu' eta antzekoak irentsiko, gezur hutsa baitira. Guk konfiantza osoa dugu gure kideengan eta hemendik sostengua helarazi nahi diegu, bereziki, espetxeratutako gure hiru lagunei».

 

«Higiezinen kontrako erasoak aitzakia hutsa baino ez dira»

Segik argi dauka epaile eta polizia operazioak gauzatzeko erabiltzen ari diren argudioak, hau da, higiezinen agentzien edo bigarren etxeen kontra izandako erasoak «aitzakia hutsa» direla. Helburu behinena, «lanari eta borrokari esker, mugimendu abertzalea indartzen ari den euskal gazteria kriminalizatzea da».

Gazte antolakundearen iritziz, Estatua ohartzen ari da «gazte belaunaldi berriak daraman dinamikaren eraginaz». Segiko bozeramaileak adierazi zuenez, gazteak hainbat eremutan proiektuak sortzeko, atxikitzeko eta burura eramateko gauza direla egiaztatu du Estatuak: «Milaka gaztek parte hartu dute independentziaren aldeko gazte-martxan; igaro diren hauteskundeetan ere lanean ikusi gaituzte; baita EHZ festibalean ere. Gure lana fruituak ematen ari da eta horren beldur dira».

Atxiloketen egunetan izandako mobilizazioen eta atzokoaren garrantzia nabarmenduta, hori ez dela aski gaineratu zuen: «Elkartasun-adierazpen bikaina izan dira egun hauek, ehunka izan baitzarete karrikan egunero, baina hori ez da nahikoa. Egiten dugun lanarengatik omen gara arriskutsuak. Bada, lanean eta borrokan jarraituko dugu. Ez gara makurtuko». A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo