GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Batera-k herri kontsultak egingo ditu Ipar Euskal Herriko erakundetzeaz

A.M.

Datorren urteko martxoan Akitaniako kontseilukideak hautatzeko egingo diren bozen deialdia baliatuko du Baterak herritarrei galdetzeko Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko lituzkeen instituzio baten alde ala aurka dauden.

Hori erabaki zuen atzo, Ezpeletan, plataformaren Batzarrak. Bertan bildu ziren 60 bat lagunek eztabaida mamitsua izan zuten, batez ere proposatutako galderaz -«Ipar Euskal Herriak instituzio bat -departamendua edo Lurralde Elkargo Berezia- ukaitearen alde zirea?»- eta zehatzago, frantses testuaren ñabardurari buruz. Izan ere, frantsesez dagoen testuan «izate instituzionalaz» agertzen da eta zenbaitzuk hitz horren ordez «aitortza instituzionala» jartzea planteatu zuten.

Eskaera zehaztu

Beste interbentzio batzuk, nahiz eta itxura guztien arabera, Balladur erreformarekin, Departamendua edukiez hustuko den erakundea izan, oraindik orain eskaera «bateratzaile eta argia» dela zioten eta, hortaz, kontzeptu hori mantentzearen alde agertu ziren. Eztabaidan eskakizuna gehiago zehaztu behar dela erraten zutenak ere izan ziren, Autonomiaren eskaera argi eta garbi luzatu behar dela nabarmenduta.

Azkenean bozketara proposatutako bi proposamenak onartu zituen Batzarrak. Lehenaren bidez, herri-kontsultak egiteko printzipioarekin adostasuna eskatzen zen. Bigarrenean, berriz, planteatutako galderaren «izpirituarekin» bat egiten ote zuen galdetu zitzaion Batzarrari.

Herri-kontsultak egiteko kanpaina, zein herritan egingo diren aukeratzeko, lehen edo bigarren itzulian izango diren, eta batik bat, Ipar Euskal Herriko aitortza instituzionalaren premia hedatzeko eta herritarrak beren iritzia ematera bultzatzeko «lan eta mobilizazio azkarra» beharko dela gaineratuta, alde teknikoak prestatu eta galderaren behin betiko testua finkatzeko talde sustatzaile bat hautatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo