San Miguel Liga
Galiziako estropadak ez dira arazo Castrorentzat
Ligako bigarren garaipena eskuratu du «La Marinera» ontziak O Groven eta sailkapeneko buruan jarri da.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Azken egunotan Galiziako estropada eremuen fidagarritasunari buruz asko hitz egin den arren, Castrok argi utzi zuen O Groveko uretan oraintxe bertan bera dela trainerurik indartsuena. «La Marinera»k hamaika segundoko aldea atera zion San Pedro bigarren sailkatuari eta sailkapen nagusian bien artean zegoen berdinketa apurtu du horrela. Alde horretatik, eta aurreneko bi jardunaldiekin alderatuta, ez zen aldaketa nabarmenik ikusi. Gaur laugarren jardunaldia hartuko duen Pontevedrako eremuak (12.00, ETB) zalantza askoz gehiago sortzen ditu.
Ohorezko txandak irteera ikusgarria izan zuen. Castro, Urdaibai eta San Pedro pare-parean ibili ziren aurreneko luzean eta segundo berean hartu zuten ziaboga hori. Baina bakoitzaren indarrak apurka-apurka nabarmentzen hasi ziren eta bigarren luzean bermeotarrek amore eman behar izan zuten, eta hirugarrenean, berriz, sanpedrotarrak izan ziren bandera ihes egiten ikusi zutenak. Laugarren luzea Castroren erakustaldia baino ez zen izan.
XII. Telefonica Bandera irabazi zuen ontziko arraunlariak honakoak izan ziren: Sergio eta Antonio Miguel Montenegro, Joseba Fernandez, Jose Antonio Acebal, Fernando Ruiz, Jon Iriondo, Xabier Etxebeste, Alex Esteban, Pedro Laza, Jon Elortegi, Javier Vilariño, Iurgi Iruretagoiena eta Jose Angel Cambados, Iker Gimeno patroi zutela.
Bigarren txandan, berriz, Orio izan zen estropada goitik behera menderatu zuena. Aurreneko ziabogara arte Zarautzek ongi eutsi zion «Mirotza»ri, baina hortik aurrera aldeak nabarmen handitzen joan ziren. Borroka nagusia erlojuarekin eduki zuen Oriok. Izan ere, Kaikuk marka aparta ezarri zuen aurreneko txandan eta gipuzkoarrek nahikoa lan izan zuten horien denborak hobetzeko.
Sestaoko «Bizkaitarra» izan zen, hain zuzen ere, eguneko irabazleetako bat. Kortaren mutilek seigarren postuan amaitu zuten estropada, zazpigarren dira orain sailkapenean, eta bigarren txandan irtengo dira gaur, Zumaiaren kaltetan.
Gipuzkoa da atzo estreinatu zen Euskotren Ligako aurreneko liderra. Gipuzkoarrek hasiera-hasieratik hartu zuten estropadaren burua eta Galiziako selekzioarekin -Rias Baixas izena hartu dute lehiaketa honetarako- borroka ederra izan zuten bai joaneko luzean, bai itzulerakoan. Kontuan hartzeko datu bat baino ez: ziabogan bien arteko tartea lau segundokoa zen eta amaieran bostekoa. Gogoratu behar da atzo Gipuzkoaren izena defendatu zutenak Getaria-Tolosa elkarteko neskak izan zirela -Olatz Aldalur patroi zutela-, eta ez zutela normalean entrenatzen duten ontziarekin arraun egin, Federazioak ipini dien Fontan-en egurrezko traineru batekin baizik. Meritu handia du lortutako garaipenak, gipuzkoarrek ez baitute ontzi zahar horrekin ia batere entrenatzeko aukerarik izan. Antzeko zailtasuna izango dute gaur Pontevedran (11.30, ETB) arraun egingo duten Zumaiako neskek. Gainera, ordu gutxi batzuk baino ez dituzte izango tostak euren neurrian ipintzen saiatzeko.
Espero zen moduan, Bizkaia eta, batez ere, Katalunia koska bat beherago daude. Bizkaitarrek -Iratxe Ortiz de Pinedo patroiarekin- 23 segundora amaitu zuten. Kataluniarrena ere txapela kentzekoa da. Galiziak utzitako ontzi batean egin zuten arraun eta traineruan ez omen dituzte 3-4 entrenamendu baino egin.
A.A.