GARA > Idatzia > > Kirolak

KAE Liga

Santurtziko uretan Astillerok berriro estutu du lehia

GARA | GASTEIZ

Astillero, Santurtzi eta Pasai Donibanek deman jarraitzeko asmo irmoa dutela erakutsi zuten atzo ere Santurtziko uretan. Hirugarren tanda horretan Astillero nagusitu zen, Pasai Donibaneri hiru segundo aterata, eta asko estutu da sailkapen nagusia. Lehen tandan orain arte izandako hurrenkerari jarraitu, eta Hondarribia izan zen azkarrena. Haren atzetik Portugalete, Busturialdea eta Ondarroa izan ziren. Bigarren tandan Oriok erakustaldia egin zuen, Isuntza, Zierbena eta Kaiarriba menderatuta.

Atseden hartzeko astirik gabe, lehen multzoko hamabi traineruek beste hitzordu bat dute gaur, 12.00etan hasiko den Elantxobeko XII. Ikurrina. Lehen txandan Hondarribia, Portugalete, Busturialdea eta Ondarroa arituko dira. Bigarrenean Orio, Isuntza, Kaiarriba eta Zierbena. Eta hirugarrenean, Pasai Donibane, Astillero, Santurtzi eta Camargoren arteko borrokak jarraituko du.

Bigarren multzoan, berriz, ordu berean, bosgarren estropada puntuagarria jokatuko dute gaur, Trintxerpeko XII. Ikurrina. Traineruak bakarka arituko dira erlojupekoan. Etxekoak dira oraingoz liderrak 50 punturekin, Deustu bigarren dago 45ekin eta Colindres hirugarren 40ekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo