GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

«Aberria zapalduta utzi zuten, eta horren ondorio dira presoak»

 

p002_f01.jpg

 Gari MUJIKA

 
SANTOS SAGARDUI
Jose mari Sagardui, GATZAren aita

Hogeita bederatzi urte daramatza Sagardui-Moja sendiak Estatu espainoleko errepideetan barrena, gora eta behera. Hogeita bederatzi urte, euren semea baldintzarik gogorrenetan bizi dela ikusiz. Hala ere, haren aitak, Santosek, ez du irribarrea galdu, eta hala hartu gaitu alaiki, umiltasunez eta jator.


Aste honetan 29 urte bete ditu zure semeak atxilotu zutenetik. Hotzean jarrita, 29 urte direla kontuan hartuz, zer pentsatzen duzu?
Euskal Herrian gauza asko nahiko gaizki daudela. Nire semeak 29 urte daramatza preso, eta oraindik Jaengo kartzelan dago, egoera gogorrean. Bakarturik dagoen jende asko dago, nire semea bezala, horrela urte asko eta asko. Eta egoera horiek txarrak dira. Baina egoera hau ez da oraingoa; lehenagotik datorrena, baizik. Euskal Herria zapalduta utzi zuten orain urte asko eta horren ondorioak dira kartzelan preso dituzten guztiak. Bai nire semea eta bai gainontzekoak ere. Eta kartzelan badaude, horrexegatik daude.

Azken urteotan euskal preso politikoen aurkako neurriak are eta gehiago gogortu dituzte. Eta horrela iritsi da «Gatza» Europa osoan kartzelan urte gehien daraman preso politikoa izatera.
Denbora gehien daramana da, bai. Baina horrela izan da ere, aberriak bizirauteko borrokatzeagatik 29 urte eraman arren, alai jarraitzen du eta egoera onartua dauka. Eta horrela jarraituko dugu guk ere, bera ate nagusitik atera eta herrira ekarri arte. Beti eduki du argi zergatik dagoen espetxean: Euskal Herriagatik. Bera bat da, baina kartzeletan dauden gainontzekoak ere Euskal Herriagatik borrokatu direlako daude, eta guztiek irten beharko dute ate nagusitik.

Espetxean urte gehiago daramatza kalean igaro zituenak baino. Hori ez al da gogorra?

Hain da gauza gogorra, non hori barneratzea beharrezko den. Bai, niri hau pasatzen zait, baina arrazoi honengatik pasatzen zait. Hori barneratu egin behar da. Gura du etxera etorri, baina gura du berak pentsatzen duen moduan. Berak bide hori hartu zuen eta gu konforme gaude horrekin. Euskal Herrian beharrezko diren legeak eta jokaerak hartu arte, gauzak garbi eduki behar ditugu eta lanean jarraitu behar dugu.

Herritarren babesa ere handia da. Hori garrantzitsua izango da zuentzat, ezta?

Sinestezina da askotan. Indar asko ematen digu horrek eta horregatik ere gaude gauden moduan.
Beste era batean pentsatzen duenik ere badago, eta herri osoa ez da egongo gure alde, baina erabateko babesa erakusten digun jende asko eta asko dago. Baita ezberdin pentsatzen dutenak ere. Ekonomikoki egoera eskasean egon ginenean ere, beti egon dira lagundu digutenak. Beti. Eta horrelako jendea daukagu, laguntzeko prest dagoena, nahiz eta eurak egoera txarrean egon.

«Gatza»ren argazki asko dago herrian zehar. Bai etxeetan, bai tabernetan, saltokietan...

Bakoitzak ahal duen moduan laguntzen du, eta argazkiak euren borondatez jartzen dituzte. Eta hori guztia, noski, eskertzekoa da. Nahiz eta beste pentsaera bat izan, laguntzeko prest baitaude. Eta babesa ematen du horrek ere.

Laster Zornotzan egongo den itxaropena izango duzue, noski.

Beste urte eta erdi edo pasako da oraindik Zornotzan semearekin, lagunartean parranda egiteko –dio irribarre artean–. Eta pozik gaude horregatik. Baina Gatza bezala, etor daitezela herrira gainontzeko preso guztiak, baina bide sanotik. Bide beretik joan behar dugu denok gure herriak askatasunean bizitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo