GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

ALPINISMOA Proiektua

Muturreko paretak, Errusiako estiloan

«Russian Big Walls Project» ekimenaren buru Alexander Odintsov da. Helburua: munduan zehar dauden muturreko paretak igotzea. Hori bai, errusiar erara; hots, estilo alpinoa eta arina alde batera uzten dituena. Jannu, Ak-Su, Trangoko Dorre Nagusia, Baghiratti III... dira eskalatutako batzuk.

p040_f02_21650.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegitea izan zen giltza. 90eko hamarkadaren hastapenetan ziren, eta sistema hura atal guztietan hautsi zen. Jakina, alpinismoan eragin zuzena izan zuen. Sistema desegin eta, Errusiari dagokionez bederen, goi mailako alpinista batzuk aukera ikusi zuten komunismo garaian askatu gabeko xede batzuk indarrean jartzeko.

Bat-batean, dena aldatu zen, eta Alexander Odintsov-i gauza bera gertatu zitzaion. Perestroika osteko alpinista garrantzitsuenetarikoa zen, handia bezain polemikoa. Odintsov izan zen «Russian Big Walls Project» ekimenaren sortzailea, munduan zehar muturreko paretak igotzen saiatu den proiektua. Helburu batzuk erdietsi ditu; hori bai, errusiar estilora; hots, estilo alpinoa eta arina baztertuz eta setio era erabiliz. Filosofia horrek aldeko ahotsak izan ditu, baina kontrakoak ere bai.

Nahiz eta gustuko ez izan, Odintsovek komunismoak ezarritako iturri guztietatik edan zuen: «Nire ingurukoek oso ohitura txarrak hartu genituen. Ez geunden ados 70eko eta 80ko hamarkadetan geure buruzagiek agintzen zutenarekin. Nik ohiko bizitzatik at geratzea erabaki nuen. Hala ere, beste alpinista asko bezala, ni ere ohiko bideetatik pasa nintzen, besteak beste, sobietarren alpinismo kanpalekuetatik. Alpinismoko, eskaladako eta mendiko eskiko makina bat lasterketatan hartu nuen parte».

Baina, arestian aipatu dugun legez, sistema erabat hautsi zen. Jakina, alpinismoaren aurpegia aldatu zen, besteak beste, laguntzarik eta babesik gabe geratu zelako.

Egoera berria ikusita, Odintsovek buruari buelta batzuk eman eta xede bati forma eman zion: «Utopia bat behar nuen, eta `Russian Big Walls Project' indarrean jarri nuen. Muturreko hormatzarrak eskalatu nahi nituen, eta 1.000 metrotik gorako paretak aukeratu nituen: Ak-Su mendiko iparra, Norvegiako Troll, Baghirati III, Trangoko Dorre Nagusia, Baffineko Great Sail Peak... Pareta haietako lehen igoerak egin nahi nituen; hori bai, bide berrietatik».

Pareta handiak

Ekimena martxan jarri zuen, eta, oro har, emaitza bikainak erdietsi ditu. Gogoratzekoak dira honakoak: Ak-Su mendiko ipar aurpegia (6a, A3+, 1.700 m, 1996), Trangoko Dorre Nagusiko ipar-mendebaldeko aurpegia (VII, 5.11, A4, 2.675 m, 1999), Baghirathi III mendiko mendebaldeko aurpegia (VI, 5.11, A4, 1.100 m, 1998), Jannuko ipar aurpegia (VII, 5.10d, M6, A3+, 3.100 m, 2004)...

Beste espedizio batzuetan, berriz, ez zuten helbururik erdietsi. Hori Latok III mendian gertatu zen. Eskarmentu gogorra izan zen, hainbat espediziokidek min hartu baitzuten: Yuri Koshelenkok, Alexander Ruchkinek... Masherbrumeko ipar aurpegitik ere esku hutsik atera ziren; igo gabeko egungo proiekturik erakargarrienetakoa da.

Bide berriak, zuzenak, muturrekoak, garaiak... izan dira, eta horietako batzuk aitorpena jaso dute. Jannukoak, adibidez, Urrezko Piolet entzutetsua eskuratu zuen. Mendebaldeko goi mailako alpinista askok kritikatu egin zuten. Denek zioten eskalada bikaina zela, baina erabilitako estiloa ez zela batere egokia; guztiz kontrakoa.

Bai, Odintsovek proiektu horretan indarrean jarritako estiloak «kolpe» gogorrak jaso zituen. Estilo pisutsua, setio egoerak gogoratzen dituenak, makina bat alpinistekin, soka finko askorekin... Hau da, estilo alpinotik eta arinetik oso urrun dagoena.

«Jannuko igoerarekin Urrezko Pioleta irabazi genuen, eta ustekabean harrapatu ninduen guk erabilitako estiloaren kontra jende askok azaldutako kritikak. Errusian estilo guztiek lekua dute: himalaismoak, kapsulak, alpinoak... Baina orain eztabaidak askoz ere sakonagoa zirudien. Alpinismoak gizarte honetatik kanpo daudenak erakartzen ditu; jazarpen baten modukoa da. Baina alpinista guztiek ez dute egoera horretan bizi nahi. Nik ere eboluzionatu dut, eta dagoeneko ez naiz irteera bat bilatzen duen mutikoa. Ihes egitea zentzugabea zela ulertu dut. Kirolarekin oso lotua dago alpinismoa, egunero entrenatzea eskatzen duelako. Eta lehiaketa ere hor dago, gizabanakoari erabat lotuta. Ez galdetu zergatik noan mendira. Soilik dakit lanbide bakar batean naizela ona, eta hori alpinismoa da. Askok diote eroen kontua dela», esan du Odintsovek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo