GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Joseba Leizeaga Irudigilea

Iztieta-Ondartxoko gertakarien aurrekariak eta xehetasun batzuk

Xenofobia, mehatxua eta arrazakeria, bi aldeetan dago, ez kide guztietan, baina egoera hau ulertu eta konpondu ezean, gehiengora heda liteke

Auzoa ondo ezagutzen dudala iruditzen zait, nire aiton-amonek gerraostean Zaldibar eta Eibarretik Ondartxora emigratu behar izan baitzuten. Gure ama bertan auzoan jaio zen, baita ni neu eta neure anaiak ere. Gure amaren haurtzaro-gaztaroan, eta ondoren geurean ere, galiziarrez inguraturiko euskaldun gutxi batzuek osatzen genuen auzoa. Harremana nahiko ona izan zen arren, «háblame en cristiano» garaiak ere ezagutu genituen. Gerora, harremana egonkortu eta galiziera, gaztelania, euskarazko doinuak auzoan lasaitasunez hedatuz joan ziren. Orain hamar bat urte, magrebtarren taldearen presentzia publikoa auzoaren mosaikora gehitu zitzaigun, lehenik meskita zabalduz, ondoren al-halal edo harategia. Ireki zituztenetik, ez dute inolako arazorik sortu. Azken bi urteetan, ordea, eta batez ere taberna zabaltzearekin batera, magrebtarren kopurua masifikatu egin zen, eta arazoak orduan hasi ziren, masifikazioarekin.

Lehen istilu eta arazoak, labana tarteko, elkarren artekoak izan ziren, beraien artekoak, eta arazo hauen aurrean ertzainek eduki ohi zuten jarrera, oraingoan manifestariekin izaten ari direnaren parekoa zen. Bertakoen aurka erabili ohi duten jarrera bortitzaren aldean guztiz ezberdina, zuzena, atsegina, edukaziozkoa eta bortxarik gabea zen, ideala. Baina Poliziaren jarrerak, beti interes zehatz batzuei eta aginduei erantzuten die, bai astelehen honetan, bai orain bi urte, eta noiz ez. Lehen istilu horiek eta Poliziaren jarrerak auzotarren kezka eta distantziatzea piztu zituzten. Bestalde, masifikazioaren eraginez ere, etorkinen aldetik ez da auzoaren bizitza ulertzeko eta moldatzeko ahaleginik egin, jendarteko harremanak garatzeko ez dute auzotarren beharrik izan, beren komunitate barrura begira bizi izan dira, hartu dituen auzoa ikusi gabe. Espaloiak hartu zituzten, beraien ohitura izango da, baina espaloitik doanari bidea oztopatu eta mugitu ere egin gabe egon izan dira, auzotar asko errepidera irten beharrean aurkitu direlarik. Adin guztietako auzotarrek, baina gehienbat adinez nagusiek, bizilagun berri hauengandik, ez guztiengandik, ez dute gutxieneko begirunea jaso, axolagabekeria eta mespretxua baizik. Jarrera honek ez zuen laguntzen, eta bizikidetza arazoa azaleratu zuen, auzoan egonezina sortzen hasi zen eta Poliziaren presentzia areagotzen.

Bizikidetza arazoa azaleratzen lagundu zuen beste kontu bat, magrebtar komunitateko gazte eta gaztetxo askoren jarrera oldarkor eta harrokeriazkoa izan zen. Espaloian bidea oztopatzen ari eta pasatzen uzteko eskatzerakoan, lehen erantzuna oldarkorra denean, hor arazo bat dago, jarrera arazo larri bat, inork konponbiderik eman ez dion arazoa. Autoarekin zebra-bide bakarra oztopatzen duen gizon «elegantearekin», oinezkoen bidea oztopatzen ari dela esan, eta «-llama a la Policía-» erantzuten dizunean arazoa duzu. Jarrera oldarkor hauen aurrean, jendea isildu egiten zen, atzera egiten zuen, hurrengo urratsa istilua baitzen. Egoera hau, azken bi urteetan izan den arren, azken hilabeteetan areagotu egin da eta bizikidetza osasuntsu bat edukitzea galarazi du. Komunitateen arteko tentsio isila mamitzen aritu da, isiltasunean baina egunez egun mamituz joan den tentsioa. Uztailaren 1eko bortxaketa ahaleginak ontzia lehertu zuen eta isiltasunean gordetako tentsioa jendaurrean lehertu zen.

Ni ere, Joxe, zu bezala emakumeek deituriko kontzentrazioan egon nintzen, eta gero tabernaren aurrean gertatu zenaren lekuko izan nintzen, taberna barruan gertatutakoari buruz, bertan ez nengoen arren, ez dut zure hitza zalantzan jartzen, eta kanpoan gertatutakoaz guztiz bat nator zuk diozunarekin, horrela gertatu zen. Baina tabernakoek ez dizute esan, igandean, manifestazioa ertzainek babestutako tabernaren aurretik igarotzen ari zenean, barrutik manifako jendeari argazkiak egiten aritu zirela, horrek manifako jendearen haserrea piztu zuela. Zertarako? Jendea gehiago berotzeko soilik? Igandeko istiluak ere, Diputazio plazan meskitako ordezkari batekin gaiari buruz solasean ari zirenean, auzo elkarteko kideei magrebtar talde bat argazkiak egiten hasi zirelako piztu ziren. Zertarako?

Auzotarren manifestazioetan erakutsi duten jarrera xenofobo eta mehatxatzailea, ez guztiena, guztiz salagarria da, nik ez dut mobilizazio horiekin bat egin, baina ezin dugu horretan gelditu. Xenofobia, mehatxua eta arrazakeria, bi aldeetan dago, ez kide guztietan, baina egoera hau ulertu eta konpondu ezean, gehiengora heda liteke.

Egoera hau eragin dutenek, emaitza aurreikusia dute, arazo bat sortu dute, usteltzen utzi dute, eta orain, arazoa lehertu delarik, etekina ateratzen dute. Igandean lotsa sentitu nuen Poliziak magrebtar bat atxilotu eta jendearen deportazioa eskatzen zuten oihuekin batera txalo zaparrada entzun nuenean, norbait pozik egongo zen. Astelehen arratsaldean, manifa baino ordu batzuk lehenago tabernaren kanpoaldean zegoen gazte magrebtar baten atxiloketa arbitrarioa, bortxazkoa eta «galeriari begirakoa», Ondartxotik Diputazio plazaraino eskuburdinak atzean eta makurtuta eraman zuten, ikusi nuenean beldurtu egin nintzen. Guztiek Polizia gehiago eskatzeak, izua sortzen du. Bitartean norbait pozik eta bere buruari medailak jartzen dabil, neu behintzat ez.

Ez dut eztabaida piztu nahi Bikila, ez da nire asmoa, zure kontakizunean ñabardura batzuk falta zirela iruditu zait eta begirune osoz azaltzen ahalegindu naiz. Pertsonen mugimendu eta lekualdatze askatasunaren aldekoa naiz, baina hau masiboa denean kezkatu egiten nau, beste interes arriskutsu batzuk ikusten ditut tartean. Ez nuke inolaz ere ahaztu nahi, mundu zabalean, agintari boteretsuenak, existitzen ez den zibilizazio-erlijio gatazka bat artifizialki eraikiz, musulmanen aurkako mezua-sentsibilitatea eta haienganako beldurra masiboki hedatzen dabiltzala. Kasualitatea? Ondo izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo