GARA > Idatzia > > Ekonomia

Argindar banatzaileak salatu ditu Facuak, bezeroen kontratuak aldatzeagatik

Lehiaren Batzorde Nazionalaren aurrean salaketa aurkeztu du Facua kontsumitzaile taldeak, tarifa bakarrerako eskubidea duten milaka bezeroren kontratuak merkatu libreko saltzaileen esku utzi dituztelako.

GARA |

Facua kontsumitzaileen elkarteak Lehiaren Batzorde Nazionalaren (CNC) aurrean salatu du argindar-banatzaile txikien milaka eta milaka bezero merkatu libreko hornitzaile taldeetara aldatzean irregulartasunak antzeman dituztela. Era berean, aldaketa horiek onartzeagatik Bruselan Estatu espainoleko Gobernuaren aurkako salaketa aurkezteko aukera ere aztertzen ari da elkartea.

Facuak salatu duenez, banatzaile txikien horniketa kontratatuta zuten milaka eta milaka bezero merkatu librean aritzen diren taldeetara aldatu dituzte. Bezero horiek, ordea, salneurri bakarra izateko eskubidea dute pasa den uztailaren 1ean Estatu espainoleko Gobernuak «azken baliabideko tarifa» (TUR) delakoa ezarri baitzuen 10 kilowattetik beherako potentzia instalazioak dituztenentzat.

Elektrizitatea tarifaz hornitu

Une hauetan bost taldek baino ez dute elektrizitatea tarifa bakarraz hornitzeko baimena, «azken baliabideko hornitzaileak» (CUR) deiturikoak. Guztiak Estatu espainolean lan egiten duten talde handiak dira: Endesa, Iberdrola, Unión Fenosa, HC Energía eta E.ON.

Tarifa horri heldu ahal izateko, erabiltzaileek elektrizitatearen horniketa CUR bati kontratatu behar diote, baina hornitzaile horiek banatzaile txikien bezeroak baztertu izan dituzte, Facuak azaldu duenez, legeak onartzera behartzen baditu ere.

Facuak uste du banatzaile txikiek merkatu libreko merkaturatze-talde handiekin euren bezeroak uzteko «negoziatu» dituzten akordioek, baita banatzaile txikiek eurek sorturiko merkaturatze-taldeetara erabiltzaileen lekualdaketak ere, Lehiaren Defentsarako Legea urra dezaketela.

Era berean, elkartearen iritziz lehiaren eta elektrizitatearen araudian ezarritako arauen aurkakoa izan daitekeen «merkatuaren banaketa» egin dute. Banaketa honek erabiltzaileei kaltea eragin diezaiokeela dio Facuak, baita lehiakide izan daitezkeenei ere, «desabantaila egoeran» jarri dituzte-eta.

Facuak adierazi duenez, egoera hau onartzeagatik Bruselan Industria Ministerioaren aurkako salaketa jartzeko aukera aztertzen ari dira. Egoera hau elektrizitatearen arloko Europako zuzentarauak zehazten duenaren aurkakoa litzateke, erabiltzailerik ezin dela diskriminatu esaten baitu zuzentarauak.

Legea «urratu»

Facuak uste du banatzaile txikiek merkatu libreko merkaturatze-talde handiekin, euren bezeroak uzteko «negoziatu» dituzten akordioek Lehiaren Defentsarako Legea «urratu» dezaketela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo