Amateur
Bilbaok maila baieztatu du Lehendakari Txapelketan
Naturgas taldeko hasiberria juniorretan nabarmendu zen eta aurten ezin hobeto moldatu da; Antzuolan denboraldiko aurreneko garaipena bereganatu zuen, eta Bizkaiko 23 urtez azpikoen txapela ere lortu du.
Unai IRARAGORRI | BILBO
Peio Bilbao gernikarra hasiberrien artean nabarmendu da aurtengo denboraldian. Izan ere, garaipena erdietsi zuen igandean Antzuola Sarian, eta Lehendakari Txapelketan lehia emateko prest da Naturgas Energia taldekoa.
Hainbat emaitza lortu ditu -Bizkaiko txapela jantzi zuen Berriatuan-, eta Antzuolan biribildu zuen urtea, lehendabiziko arrakasta esanguratsua lorturik.
«Egia esan lehen urtea izateko ez nuen espero, nahiko pozik nago. Garaipenetik hurbil ibili naiz eta azkenean lortu egin dut», azaldu du Bilbaok.
«Denboraldiaren hasieratik zen taldeko helburua, bai Lehendakari Txapelketa baita 23 urtez azpikoen Txapelketa. Lehia handia dugu Seguros Bilbao taldearen aurka, baina emaitzak lortzen ari gara», adierazi du euskaldunak.
Horregatik, Lehendakari Txapelketako sailkapen nagusia xedetzat hartuko du denboraldia amaitu arte. Aurkari nagusien artean, Ion Izagirre eta Ramon Domene aipatzen ditu Bilbaok.
Juniorren artean nagusi bilakatu zen azkeneko bi urteetan eta aurtengo denboraldian aldea nabaritu du amateurretan. «Aldaketa nahiko nabarmena izan da, ez lasterketetan lehiatzeko mailan; gehienbat, taldean dagoen giroan, dena da formalagoa eta serioagoa».
«Euskalduneko probak beste era batera korritzen dira eta faborito argiak daude, mendateetan apurtzen dira probak eta bertan erabakitzen dira. Hortaz, nahiago ditut», gehitu du.
Izan ere, batez ere igotzailetzat du bere burua bizkaitarrak. «Esprintean ez naiz moldatzen, bakarrik heltzen lortuko ditut garaipenak, ez daukat bizkortasunik», argitu du.
Naturgas taldea maila polita erakusten ari da. «Orokorrean maila handia du taldeak, batez ere, hiru-lau txirrindularik puntu ona dute, esaterako, Landak, baita Zabalok, Arberasek, Aberasturik eta Noelek ere. Taldekide batak edo bestek lortu ditugu garaipenak», baieztatu du.
Larunbatean Etorkizuneko Kopako proban arituko da eta Madrilgo Itzulian ere lehiatuko da. Orain arte, itzuli bat besterik ez du korritu, Galiziakoa, eta ikasten ibili da bertan. Bestalde, bere ikasketak ere, Industria Diseinua, ondo gainditu ditu; eta datorren urterako, Soin Hezkuntza (SHEE-IVEF) ikasten hasteko asmoa du.
Euskadi Txirrindularitza Iraskundeko jarraipen multzoan da iaztik hona eta aukera izan zuen Estatu frantseseko talde batean lehiatzeko Italiako goi mailako lasterketa batean. Gernikesa Txirrindulari Elkartean hasi zen kadeteetan, futbolean aritu ostean, eta etxeko taldean eman zituen juniorretako bi urteak.