New Fabriseko langileek bultzada eman diote aspaldi irekita dagoen eztabaida bati
New Fabris enpresako langileei Renault eta PSA taldeek gogoz lan egiteko eskatu zieten 2008ko urte hasieran. Hala egin zuten langileek, eta jende gehiago ere kontratu zuten eskari horri aurre egiteko, bi konpainia hauek baitira -baitziren- beren bezero handienak eta ia bakarrak. Baina handik hilabete gutxira, udazkena heldu zenean, lan-eskariak bukatu ziren, eta ekainean New Fabris enpresako Chatelleraulteko langileek jakin zuten beren lantokiak ez duela etorkizunik.
Eskaririk gabe, lanik gabe, eta langabeziagatik dirulaguntzarik gabe geratu dira langileak, gehienak 50 urte ingurukoak. Asteetan itxialdiak egin dituzte lantegi barruan, baina inork ez ditu kontuan hartu. Atzo, berriz, bakoitzak 30.000 euroko kalte-ordaina jaso ezean, lantegia birrinduko dutela adierazi zuten, eta Europa osoko albistegietako berri nagusi bihurtu ziren.
Ez dago esan beharrik New Fabriseko langileek ez dutela beren lantegia deuseztatu nahi, beren ustez dagokiena baino ez baitute jaso nahi, baina beren ekimenak eta Estatu frantsesean emandako beste batzuek aspaldi irekitako eztabaida bati bultzada eman diote. Nola aurre egin patronalak duen botere ia ahalguztidunari?