Baiona: diru publikoa «pribilegiatuen» esku jartzen duen herriko etxe baten urte askotako joera
Diru publikoaren kudeaketan Baionako Udalak «polemika» ugari piztu izan du. Jean Grenet aitarekin hasi zen, eta Jean Grenet semeak jarrera horrekin jarraitu du. Udalak euro sinboliko baten truk AB kirol taldeari jatetxea eskaini ondoren, horrek 700.000 eurotan saldu du. Gertakariak polemikak berpiztu ditu.
Ainize BUTRON
Egoera ekonomikoa kontuan harturik «dirulaguntza murrizketak izan dira», esan zuen Jean Rene Etxegarai Baionako kultur zinegotziak, berriki, Musikaren Bestarentzat izandako laguntza beherakada esplikatzeko. Argudio bera aurreratua izan da Herriko Kontseiluan lekuko elkarte gehienei dirulaguntzak %5 murriztu izana onarrarazteko. Eta aurten, Jazz Jaialdia bertan behera geratuko da, Baionako Herriko Etxearen engaiamendu eza dela medio. Krisi ekonomikoa etengabe guztion ahotan dabilen honetan, murrizte horiek herritar ororentzako ulergarriak izan litezke.
Alta, enpresa pribatua den Aviron Bayonnais Pro kirol taldearekin gertatu berri denak diru publikoa kudeatzeko orduan Baionako Herriko Etxeak duen jokamoldea mahai-gaineratu du. Aviron Bayonnais Pro kirol taldearen Club House delakoa berritu ostean, Baionako Herriko Etxeak, euro sinboliko baten truk, bertan kokatzen den jatetxearen kudeaketa taldearen esku utzi zuen. Bi urte igaro ondoren, kirol taldeak 700.000 eurotan saldu du jatetxea. Gertakaria Baionako Herriko Etxeko oposizioko Bayonne Ensemble-k jakinarazi eta salatu du berriki. «Bere garaian Udalak eskaintza hori egiterakoan, jatetxe horretan elkarte eta merkataritza espirituak uztartzeko helburu zuen. Kezkagarria da, berriz ere, Baionako herritarrentzat sorturiko gune bat esku pribatuetan ikustea», salatu zuen oposizioak.
Gertakari horrek, 2002an izandako Ruwel, eta aurretik Sony enpresaren kasuak gogora ekarri ditu. Jean Grenet aitak, 1967an, Udaleko buru zelarik, Domaine Larondouette deituriko 15 hektareako lur eremua erosi zuen diru publikoarekin, bertan unibertsitatea finkatzeko asmoarekin. 1980ko hamarkadaren hasieran euro sinboliko baten truk, Sony enpresari eremuaren jabetza eman zion, eta sorturiko lanpostu bakoitzeko 15.000 euroko dirulaguntza. Enpresak hitzeman zuen 1.200 lanpostu sortuko zituela. Alta, 1997an, Sonyk Ruweli saldu zion lurren zati bat. Alemaniako talde horrek Bern Zevens buru zuen (Alemaniako bosgarren fortuna) taldearen holdingari saldu zion, berriz. 2002an Ruwelek lekuak hustu zituen eremuaren jabetza bereganatuz. BAB herri elkargoak prezio azkarra ordaindu behar izan zuen lurrak berreskuratzeko.
Elkarte pribilegiatuak
Polemiken sailean, halere, elkarteen tratamenduak ematen du aipatzekorik gehien Baionan. Gizarte eta aisialdiko jarduerak bultzatzen dituzten elkarteei emandako laguntzak urtez urte behera doazen heinean, beste zenbait elkartek «pribilegioak» dituzte. Xabi Larralde, sei urtez herriko zinegotzi izandakoak eta Baiona Berria talde abertzaleko kideak honela azaldu zuen: «Baionan `klientelismo' jarrera historikoa dago». Jean Grenet aita berrogei bat urtez Herriko Etxearen buru zenean hasi, eta semeak jarraipena hartzerakoan errepikatuz joan den jarrera da. «Jarrera hori dirulaguntzak eta egoitzak eskaintzearekin gauzatzen da», gehitu zuen. Kasu harrigarriena Peña Taurina da. Baliatzen duten egoitza Herriko Etxearena da, eta hogeita bost urterako alokairua doan eskaintzen die. Horretaz gain, 2006an Peñaren eraberritze lanak egiteko 300.000 euroko diru zama eskuratu zuen elkarteak udaletxearen eskutik.
Peña Taurinari eskainitako dirutza hori handizki salatu zuen orduan lekuko «Kutzu» aldizkari satirikoak. Baina, era bereko laguntzak dituzten beste hogei bat elkarte daude Lapurdiko hiriburuan. «Urtero, dirulaguntzak negoziatzean, soilik auzapezaren beraren borondatearen arabera erabakitzen dira. Ez dago inongo irizpiderik. Herri Kontseiluan oposizioan geratu garen sei urteetan, hitzarmenak izenpetzeko irizpideak finkatzeko eskatu diegu. Ez dituzte sekula eman», nabarmendu zuen Larraldek.
Frederic Velez Baionako herritarrak Larralderen esanak berretsi zituen. Ebaki musika ikastaroak eskaintzen zituen elkarteko arduraduna zen Velez. Hamalau langile izateaz gain, hirurehun eta berrogeita hamar bat ikasle zituen. 2005an, «arrazoi berezirik gabe» Udalak egoitzatik kanporatu, eta lanean jarraitzeko lekurik gabe utzi zuen elkartea. «Bat-batean kanporatuak izango ginela esan digute, arrazoirik eman gabe. Hamalau langile lanik gabe geratu dira. Ez digute beste egoitzarik proposatu. Alta, gure etxe berean zegoen maketa-egileen elkarte bati 300 metro karratuko egoitza eskaini zioten».
Gertakizun horren ondotik, Bayonne Irréprochable elkartearen bidez, Baionan egoitzak doan dituzten elkarteen zeregina aztertzen aritu da. «Sei hilabeteko inkesta izan da. Zailtasun asko izan dut elkarteekin finkatuak ziren hitzarmenak eskuratzeko. Kasu batzuetan auzitara joan behar izan dut», erran zuen Velezek.
Alokairuak ordaindu
Hogei bat elkarterekin hitzarmenak finkatuak ditu Udalak. Horien bidez, elkarteek egoitzak doan izaten dituzte. «Egoitza horiek emateko ez dago inolako irizpiderik. Auzapezaren gogoaren araberakoa da. Legeak ez du irizpiderik finkatzeko eskatu ere egiten. Auzapezak du erabakitzen nori eman, eta Herri Kontseiluak bozkatzen du hitzarmena», gehitu zuen. Pottorroak, esate baterako, 1968an izenpetu zuen hitzarmena. Berrogei urte daramate egoitza okupatzen inongo alokairurik ordaindu gabe.
«Hitzarmenen %97 duela hogei eta berrogei urte inguru izenpetuak izan dira. Elkarte batzuei ura eta argindarra Udalak ordaintzen dizkie. Beste zenbaitzuei, aldiz, hamar liberako (1,5 euro) alokairua eskatzen zaie. Gehienek ez dute sekula ordaindu», jarraitu zuen azaltzen Velezek. Baionako Espainiako atean kokatzen diren Amicale des Petits Bayonnais eta Or-Konpon elkarteak alokairu sinbolikoa ordaintzera behartuak daude, adibidez. Aipaturiko hiru elkarte horiekin, Baionako Herriko Etxearen babesean dauden elkarteen zerrendan Cercle Taurin, Amicale Supporter de l'Aviron Bayonnais, Baiona Banda, Archibal notableak biltzen dituen elkartea, Cacao Club, Tipitapa, Zientzia eta Arteen sozietatea, Peña Taurina, Kanta Bi eta Indarka daude, besteak beste. «Gehienak ez dute dirulaguntzarik eskuratzen, ez bada egitasmo zehatz baterako. Aldiz, beraien lokala alokatzeko eskubidea daukate eta hala egiten dute», argitu zuen.
Frederic Velez, beraz, elkarte horien funtzionamendua aztertzen aritu da astebetez. Egunero, goizeko hamarretatik arratsaldeko zortziak arte egoitzetara inguratu, eta, bertako jarduera aztertzen aritu da. «Gehienetan ez zen inor ere agertzen, ez bazen lokalean zerbait ahantzi zutelako. Eta elkartean zer motako ekintzak bideratzen zituzten galdetzean, gehienak, ezer gutxi erantzuteko gai ziren. Beraien arteko apairu eta festetatik kanpo, ez dute deus egiten. Peña Taurinako kideak, asteburuak baliatzen dituzte apairu goxo batekin zezenketari buruzko filmak begiratzeko», nabarmendu zuen.
Egoera hori aipatzerakoan, Velezek ez zituen zalantzan jarri elkarteen ekintzak. «Elkarte orok libertate osoa dauka nahi duena egiteko. Baina, aldi honetan, egoitza publikoa baliatzen dute arlo publikoarentzat inongo interesik ez duen zerbait egiteko», salatu zuen.
Elkarte guzti horiek lorturiko onurak Jean Grenet aita auzapeza zen garaikoak dira. «Gaur egun, elkartea osatu zutenen ilobak daude bertan, eta beraien aitatxien zereginekin jarraitu dute. Gaur egungo eta duela berrogei urteko beharrak ez ziren berdinak. Elkarte kopurua handitu da. Beharrak bestelakoak dira», adierazi zuen. Velezek egoera hori «lotsagarria» zela nabarmendu zuen. «Elkarte horiek ez dute deus egiten, halere, nahiko kokapen ona dute, horrela, herriko jaietan ateak zabaltzen dituzte, eta urteko aurrekontua ematen die». Herriko Etxearen jarrera horrek jarduerak dituzten elkarteen garapena mugatzen du, Bayonne Irréprochable elkarte kidearen ustez.
«Herriko Etxeak duen jokamolde hori ez da inondik ere legez kanpokoa. Baina, horretan, arazo etiko eta morala dago. Elkarteek beharrak dituzte, eta horiei erantzun behar die Udalak. Aukera asko dago. Elkarteek egoitza bakar bat baliatzeko aukera ematen ahal da, horrela kokapen eremua handiagoa litzateke», erran zuen.
Horrenbestez, iaz Akitania eskualdeko Kontuen Gorteak Baionako Herriko Etxearen kontuen azterketa egin zuen. Eta kaleratu txostenean, Herriko Etxeari eskatzen dio lokalak doan eskaintzeko irizpideak gehiago finka ditzala. Bai Baiona Berria talde abertzalea eta bai Bayonne Ensemble oposizioan dagoen alderdi sozialistaren taldea baikor agertu dira albiste horrekin. Alta, Frederick Velezek egituraren erranak ez dutela deus aldatuko goraipatu zuen. «Egiteko molde hori ez dago inondik ere legez kanpo. Toke bat eman diote, eta ondorioz, alokairuak finkatzera behartua izango da», nabarmendu zuen Frederick Velezek.
Izan ere, 2006a geroztik Estatu frantseseko legediaren arabera, elkarte guztiek alokairu bat ordaindu behar dute, beraien ekintzak ez badute «interes orokorraren alde» egiten. Legea duela hiru urte bozkatua izan bazen ere, Baionako Udalak oraingoz ez du sekulan indarrean jarri.
Xabi Larralde Baiona Berriako kideak, eta, Baionako oposizioko Bayonne Ensemble taldeak Baionaren diru publikoaren kudeaketari buruz hitz egiterakoan, Aviron Bayonnais Pro kirol taldeak eskuratzen duen diru zama ere nabarmentzeko modukotzat jo zuten.
Kirol taldea diruztatua
Joan den ekainaren 4ko Herri Kontseiluan, Jean Dauger errugbi taldeak baliatzen duen zelaiaren jarlekuak eraikitzeko 600.000 euroko dirulaguntza ematearen alde bozkatu zuten. Horren aurrean, Henri Etxeto zinegotziak duen iritzia honakoa da: «Ez gaude kirol taldea laguntzearen aurka. Baina, egitura pribatua izanik, akziodun pribatuak dituena, beraien parte-hartzea eskatu dugu. Diru asko du enpresak. Ezin zaie herritarrei eskatu guztia ordaintzeko».
Errugbi taldeak 800.000 euroko dirulaguntza eskuratzen du urtero. Orain arte, eremu publikoa baliatzeagatik zerga bat ordaintzeko betebeharra zuen, baina krisi garaiak direla-eta, zerga horren betebeharra kentzea erabaki du Herriko Kontseiluak. «Eraberritze lan guztiak bideratzeko, jada, 5 milioi euroko laguntza izan du kirol taldeak. Beraien dirulaguntzak urtero gora egiten du. Elkarte sozialek, berriz, beren laguntzak behera egiten ikusten dituzte».
Hogei elkartek egoitza doan eskuratzen dute Baionan. Elkarte gehienak 20 eta 40 urte artean daramate bertan. Ez dute inongo baldintzarik bete beharrik.
2004an, garaian eremuaren jabe zen Eiffage eraikin enpresari erosi zion Herriko Etxeak Basusarriko golfaren eremua, 2.745.000 eurotan, diru publikoarekin. Eiffagek bertan golfarekin batera abiaturiko 240 etxebizitza eraikitzeko higiezinen egitasmoa burutu ostean salmentan jarri zuen. Baionaren perimetro hurbilean lurzorua kudeatzeko beharra nabarmendu zuen garai horretan Jean Grenet egungo auzapezak erosketa justifikatzeko. Proiektuaren garrantzia azpimarratzeko, Grenetek euro sinboliko baten truk erosketa proiektu horretan barnealdeko udalak gomitatu zituen haren zatiak erostera. Zazpi herrik bat egin zuten egitasmoarekin, horien artean Uztaritze. Xabi Larralde Baiona Berriko ordezkariaren esanetan, erosketa horren gibelean «higiezin operazio» bat zegoen.
Bost urte igaro dira geroztik, eta, jakin berri denaren arabera, bertan etxebizitzak eraikitzekotan dira. Horretaz gain, Pierre et Vacance turismo taldearen egoitza bat ere plantatzekotan dira. Halere, Eiffage enpresak salmenta burutu zuenean golfaren eremuan berrogei hektarea bere esku atxiki zituen. Lur horiek ziren, hain zuzen ere, espekulaziorako hoberenak . A.B.