AIZKORA
Bi beteranoren arteko desafioarekin amaituko dira sanferminetako jaialdiak
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Bi aizkolari beteranoren arteko desafioarekin emango zaie amaiera aurtengo sanferminetako jaialdiei, eta ikusmin dezentea piztu duen neurketa izango da, gainera.
Alde batetik, Miel Mindegia, eta bestetik, Joxemari Mendizabal, elkarren aurka indarrak neurtuko dituztenak. Ezkurrako aizkolari beteranoak kanako enbor etzana erdibitu beharko du, eta Mendizabalek, berriz, bi oinbiko moztu beharko ditu, enborra zutik jarrita. Desafio polita.
Enborra zutik jarrita moztea zailagoa da etzandakoa baino, baina Mendizabal artista da egurrak horrela ebakitzen, eta marka ere egin berria dauka.
Kanako enborra moztea ere ez da erraza, tamaina handiko egurra delako, baina horrekin ere trebea da Mindegia, eta biek ikuskizun polita eskainiko duten zalantzarik ez du inork, biak ala biak, gainera, sasoi bikainean daudela erakutsi baitute.
Gainera, Maika Ariztegik aizkora erakustaldia egingo du, eta Ikusgarri taldeak irudiak egingo ditu motozerrarekin.