Anza non den galdetu diote etxe parean Alliot-Marieri
GARA |
Helioz puztutako hiru puzgarri handi eta gorri-gorri azaldu ziren igande goizean Donibane Lohizuneko hondartza nagusiaren izkinan, itsas-argitik hurbil, Michele Alliot-Marie (MAM) Justizia ministroaren etxe parean.
Pankarta bat eskegita zeramaten puzgarriek bi esaldi hauekin: «Alliot-Marie, non da Jon?» eta «UMP terroristes».
Igandea eta opor garaia izaki, urrundik ikus zitekeen pankarta, eta ikusgai izan zen hondartzara joan zen jendearentzat eta Ziburutik Sokoarainoko bide tartean zebiltzan pertsona ugarirentzat ere bai. Hain zuzen ere, larunbatean Segik antolatutako manifestazioan tentsio-uneak izan ziren MAMren etxe inguruan, manifestariek bertan zegoen Polizia hesiarekin topo egin zutelarik.
Larunbatean beteko dira hiru hilabete Jon Anza sortzez donostiarra den ETAko militantea azken aldiz ikusia izan zenetik. Baionan hartu zuen trena preso ohiak apirilaren 18 hartan, eta Pauen zuen helburuko geltokia. Geroztik ez dago haren berririk.