GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ertzaintza txosnagunera sartu, eta presoen irudiak kendu ditu Barakaldon

Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko lau furgoneta txosnagunean sartu, eta bertako presoen argazkiak kendu zituzten igandean, inolako agindurik erakutsi gabe. Txanda egiten zeuden hiru lagun ere identifikatzera behartu zituzten eta «terrorismoa goratzea» leporatu diete.

p011_f02.jpg

O.L |

Barakaldarrak herriko jaiak ospatzen ari zirela, Ertzaintza txosnagunera sartu eta herriko preso politikoen argazkiak kendu zituen txosnetatik. Hutsuneak ordea, ez zuen luze iraun, ertzainak joan eta bost minutura argazkiak bere lekuan egoteaz gainera, txosnagune osoan hedatu baitziren irudiak.

Igande arratsaldean gertatu zen Barakaldoko Txosna Batzordeak «txosnagunearen bortxaketa» gisa hartu duen jazoera. Azaldutakoaren arabera, 19.30 aldera sartu ziren Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko lau furgoneta Lasesarre auzoan kokatzen den gunera. Bertan diren hamahiru txosnetatik, hirutan zeuden preso politikoen irudiak eskegita, eta horietara joan zen zuzenean Polizia autonomikoa, «armaz josirik», bertan txanda egiten ari ziren lagunei argazkiak kentzera behartzeko asmoz. Hauek ordea, agindu horren berri ematen zuen autoa galdegin zieten ertzainei, eta «barre besterik ez zietela egin» salatu zuten Txosna Batzordeko kideek, GARAri erantzunez.

Autorik ez zutenez erakutsi, txanda egiten ari ziren pertsonak uko egin zioten argazkiak kentzeari, eta orduan poliziek txosna bakoitzeko lagun bana identifikatzera behartu zuten. Haiei zuzenean ezer esan ez arren, Lakuako Herrizaingo Sailak hiru lagun hauek txosnetako arduradun gisa identifikatu, eta «terrorismoa goraipatzea» egotzi diete, informazio agentziek esandakoaren arabera.

Ertzainak izan ziren herriko presoen argazkiak kendu zituztenak. Horren aurretik, baina, hiru txosna hauetan poteatzen zebiltzan herritarrak, eta gainontzeko txosnekoak, Poliziaren jarrerarekin kexu inguratu zirenean paretik kendu zituzten «bultzaka eta irainduz». Txosna Batzordeko kideek salatu dute, halaber, gazte bat «bortizki» kanporatu zutela .

Txosna Batzordea osatzen duten kirol, kultur eta herri mugimenduetako 13 elkarteek arin salatu zuten Ertzaintzak txosnagunean izandako jokaera eta Barakaldoko Udala eta Txosna Batzordearen artean adosturik dagoen segurtasun protokoloa ez dela bete ekarri zuten gogora. Ertzaintzak gainera, Txosna Batzordeak hautatutako ordezkariekin izandako jarrera «gogorra» salatu zuten.

Era berean, herriko jaien aldeko konpromisoa berretsi eta elkartasuna helarazi diote Ertzaintzaren «gehiegikeria» sufritu duten hiru txosnei.

Barakaldoko amnistiaren aldeko mugimenduak ere gogor salatu du «Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurkako eraso» hau eta euren erantzuna «kendutako argazki bakoitzeko hamar argazkigatik biderkatzea izan dela» nabarmendu du.

Barakaldoko Udala izan da Ertzaintzaren jokaera txalotu duen bakarra eta «logikoa» jo du gainera, presoen argazkiak kendu izana. Haren ustez, txosnagunea «kalea da eta hortaz, zigorgabetasun gunerik ezin dela izan» defendatu zuen. Are gehiago, Ertzaintzak txosnagunean sartuta «delitu bat ekidin» duela sostengatu du Udalak.

mobilizazioak

Dozenaka lagun irten ziren atzo kalera presoen aldeko elkarretaratzeetan. Bermeon 15 izan ziren; 36 Iurretan; 10 Legorretan; 13 Ordizian; 75 Ondarroan; 25 Ataunen; 30 Zaldibian; 20 Zaldibarren 16; Otxarkoagan eta 54 Laudion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo