A gripea «geldiezina» izanik, txertoa behar-beharrezkoa dela esan du OMEk
GARA |
Osasunerako Mundu Erakundeak (OME), A gripearen pandemia «geldiezina» dela adierazi du. Hori dela-eta, munduko herrialde guztiek birus honen aurkako txertoa izan behar dutela gaineratu du Marie-Paule Kieny, Txertoen Ikerketarako zuzendariak. OMEk kaleratutako datuen arabera, egun 94.500 baino gehiago dira A gripeaz kutsatutako herritarrak.
A gripearen ondorioz hildako herritarren zifrak gora egiten duen bitartean, gaixotasunaren aurkako neurriak herrialde guztietara hedatzen ari dira. Esate baterako, haurrak eskolara ez joatea edota haurdun dauden emakumeak lanera ez joatea gomendatzen dute.
Gripearen lehenengo kasuak agertu bezain laster, Gripearen Aditu Batzordea sortu zen. Batzorde hau Txertoen Aditu Batzordearekin bildu zen aurreko astean elkarlanean irtenbideak bilatzeko. Batzar honetan ateratako ondorio nagusia, A gripearen aurkako txertoa herrialde guztietara hedatzeko beharra izan da.
Kienyk jakinarazi duenez, zaila izango da ipar hemisferioan negua hasi aurretik txertoa eskuragai izatea, prozesua abendura arte luza daitekeela aurreikusten baitute. Era berean, txertoa prest dagoenean herrialde guztiek beharrezkoak diren dosiak izan beharko dituztela gaineratu du.
Adituen arabera, osasun arloko langileak izan beharko lukete txertoa jartzen duten lehenengoak, hauek baitira kutsatzeko arrisku handiena dutenak. Bestalde langileak osasuntsu egotea ezinbestekoa dela adierazi dute, bai A gripea duten gaixoak bai beste edozein gaitz dutenak sendatu ahal izateko.
Osasun arloko langileak txertatu ostean, herrialde bakoitzak bere estrategia abiatu beharko duela ohartarazi du Kienyk. Herrialde bakoitzak finkatu beharko ditu, berak duen arrisku egoeraren arabera, eman beharreko pausoak.
Birusak era guztietako pertsonei erasotzen diela argitu dute. Hala ere, haurdun dauden emakumeak, umeak eta obesitatea dutenak dira gaitza harrapatzeko arrisku gehien dutenak.
Txertoaren ekoizpenari dagokionez, sendagaia erosteko zailtasunak dituzten herrialdeei laguntzeko hainbat neurri aztertzen ari dira OMEko kideak. Era berean, tekniketan aurreraturik dauden hainbat enpresekin harremanetan jarri dira txertoa ekoizteko prozesua azkartu nahian. Urteroko gripea saihesteko txertoari dagokionez, 2008an egindako produkzioaren %90 gutxienez ekoiztuta dagoela adierazi du eta txertoaren eskuragarritasuna ziurtatuta dagoela.
Pandemia honen aurkako borrokak, mila milioi dolarreko kostua izango duela aurreikusten dute NBEk (715 milioi euro). Ban Ki Moon, NBEko ordezkari nagusiak fondo hauek txertoak lortzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko ezinbestekoak direla ohartarazi zuen. Bestalde, idazkari nagusiaren arabera, garapen bidean dauden herrialdeak dira gaixotasunaren aurrean ahulenak. A gripearen pandemia erantzun globala eskatzen duen mundu mailako krisia dela nabarmendu zuen.