Berezkoak Arrangoitzeko finala interpueblos
Waltarik eta Harizmendik beren joko eta bolada ona baliatu nahi dute udako lehenengo txapela lortzeko
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Arrangoitzeko Torneoko finala jokatuko da gaur bertako trinketean, 11.00etatik aurrera. Lapurdiko herri honetako jaietako egunik handienetakoa da gaurkoa, eta antolatu duten lehiaketako finalarekin emango diete amaiera. Txapelketa hau, gainera, EPB zirkuiturako baliagarria izango da.
Waltari eta Harizmendi Bielleren eta Ozafrainen aurka neurtuko dira. Faboritoak lehenengoak izango dira. Waltarik binaka ari denean ez du askotan izaten aitzinetik jokatzeko parada, eta honakoan badu, eta ederki ari da baliatzen, gainera, aukera hori, nahiz eta trinketa ez den kristalezkoa.
Kubatarrak min handia egiten du aurrean ari denean, eta bere eguna badu, komeriak izango dituzte aurkariek haiek geratzen. Atzean, gainera Thierry Harizmendi dauka. Ia urtebete darama ezker pareta utzi eta trinketean jokatzen, eta gero eta maila hobea hartzen ari da. Une honetan dagoen atzelaririk onenetakoa bihurtzen ari da. Finalerdietan sekulako maila eman zuen, eta zaleek itxaropen handiak dituzte berarekin.
Faboritoak horiek dira, eta dirua ere beraien alde aterako da. Hala ere, Biellek eta Ozafrainek ez dute galtzekorik ezer. Bielle gazteak sekulako parada dauka duen maila erakutsi eta aldarrikatzeko. Badaki aurrean lan asko izango duela Waltari geratzen, baina berarentzat egun handia ere izan liteke.
Hala ere, biko honen ardura eta pisua Patrick Ozafrainek eraman behar du. Bankakoa eskarmentu handiko gizona da, eta bere aurrelaria laguntzen aritu beharko du. Izan ere, bi bikoen jokoa garbia izango da gaur eguerdian. Waltari eta Harizmendi kintzea azkar eta aurrean amaitzen saiatuko dira Ozafraini aukerarik eman gabe. Bielle eta Ozafrain, aldiz, kintzea luzatzen saiatuko dira, eta atzean jokatzen, aurrean ez baitute irabazteko ezer izango, eta txapela lortu nahi badute, kubatarra aukerarik gabe utzi beharko dute.
Norgehiagoka honen aurretik amateurrak, egungo onenetakoak, arituko dira. Saldubehere anaiak Agirreren eta Bessonarten aurka neurtuko dira.
Jai Alai-Gernika
Lekue-Garai
Euskal Jai-Uharte
Matxin VI-Zubizarreta
Amezketa
XX Joxean Tolosa txapelketa. Azpeitia
Labrit-Iruñea (22.15)
Del Rey-Cecilio / Diaz-Iza; Olaizola II-Zearra /Bengoetxea VIII-Begino; Gonzalez-Arruti / Saralegi-Otxandorena.
Campos Berri-Donibane Lohizune (22.15)
Alberdi II.a-Alberdi III.a / Lekue-Enbil; Baronio-Elizegi / Goikoetxea-Joakin.