GARA > Idatzia > > Kultura

Hileta-Oharra Juan Cruz UNZURRUNZAGA

Nobeletako pertsonaia baten parekoa

A. E. |

Punta-puntako euskal artistekin lotura estuak zituen, eta Donostiako Zinemaldiko kolaboratzailea ere izan zen atzo gaixotasun latz baten ondorioz 69 urterekin Donostian zendu zen Juan Cruz Unzurrunzaga kultur eragilea. Abokatua izan zen, bi urtez egin zuen lan Txilen, Allenderen garaian, alfabetatze kanpaina batean, Orquesta de Mondragonen managerra izan zen, taldea puri-purian zegoenean, jatetxe bat ere eduki zuen Txilen, eta arte galeria baten jabe izan da azken urteotan.

2007an, Gaur 8n Joxean Agirrek egin zion elkarrizketa sakonean, bere bizitza gartsuko pasarteez hitz egin zuen. Mikel Lejarza El Lobori buruz: «Azpiegituraren arduraduna zen. Gauza arraro asko pasatzen hasi ziren (...). ETAren historian, guk dakigula, eman den infiltrazio garrantzitsuena izan zen». Ezagutu zituen artistei buruz ere hitz egin zuen, esaterako, Txillida, bere erakusketa batekin zabaldu baitzuten Altxerri galeria: «Erakusketa ikusgarria zen, baina bigarren solairu batean zegoen galeria eta ez zen inor igotzen (...). Artemio Zarcoren emaztea zen idazkaria eta galeriarekin batera ezkontza agentzia bat jartzea pentsatu genuen. Zarcoren emazteak sekulako dohainak zituen eta etortzen zen guztiari aurkitzen zion ezkontideren bat. Txillidaren emazteak ere galdetu zidan ea egia al zen agentziarena. Neskame batentzat senargaia nahi zuen». Hortik ondorioztatu zuena: Kulturak ez du dirurik ematen edo «hemen autoak erosteko badago dirua, baina ez kultura erosteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo