GARA > Idatzia > > Kultura

Pirritx eta Porrotx: «Balore aurrerakoietan oinarritutako lanean jarraituko dugu»

Bilboko Udalak Pirritx eta Porrotxen kontra indarrean jarri duen betoaren aurrean, pailazo taldeak «koloretako mundu» baten alde lanean jarraitzeko hautua egin du, oztopoak oztopo.

GARA | DONOSTIA

Getxoko Udalean gertatutakoaren ondoren, PPk Bilboranzko bidea hartu, eta helburua bete du. Jazoeren aurrean erantzunez, hedabideetara agiria igorri zuten pailazoek. Joxe Mari Agirretxe (Porrotx) eta Aiora Zulaikaren (Pirritx) hautua orain arteko bera da: lanean jarraitzea. Oharrak dioenez, Bilboko Udalak ez die zuzenean halako neurririk hartu duenik baieztatu, komunikabideetan agertutako albisteak izan dira horren jakinaren gainean jarri dituztenak: «Bilboko Udalarekin izan dugun azken harremana martxoaren 28an, La Casilla pabiloian eskainitako `Piratak' ikuskizunaren bi saio antolatzeko izan zen».

PPk beste alderdien laguntzarekin bultzatutako betoaren arrazoia «ETAren atentatuak ez kondenatzean datza». Beraien hitzetan, inork ez die inoiz kondenarako eskaerarik egin. «Guk dakigula, gainera, halako edo beste moduko eskaerarik ez zaio egin ez kultura arloko, ez kulturatik at, edozein profesional edo zerbitzu-enpresari ere» adierazten du oharrak. «Gure taldeak bakearen eta askatasunaren alde, pertsonekiko, herriekiko eta bizitzarekiko errespetuaren alde, hizkuntza eta kultura aniztasunaren alde, elkarbizitzaren eta giza eskubideen alde eta, oro har, koloretako mundu baten alde duen jarrera eta iritzia, gure saioek eta lantzen ditugun material pedagogikoek biltzen dute», eta material hori hainbat elkarterekin elkarlanean osatua izan dela gaineratzen du oharrak.

Horren aurrean, galdera sorta luzea bota zuten pailazoek: «Zergatik orduan gure taldearekiko jazarpena? Euskal Herriaren existentzia ezbaian jartzen duten bitartean, guk Euskal Herria maite dugulako?». Era horretan, zalantzan jarri zuten halako jazarpenak nori eragiten dion, pailazo taldeari berari, ala ikuskizun bakoitzean elkartzen diren milaka haur eta gurasoei. Muga guztien gainetik, taldearen nahiak berbera izaten jarraitzen du, koloretako Euskal Herria eta mundua nahi dituzte, eta «euskaraz, alaitasunez eta balore aurrerakoietan oinarritutako lanean» jarraitzeko borondatea berretsi zuten.

KALTEA NORI?

«Nori egiten dio benetan kalte horrelako beto batek? Pailazo taldeari? Bilboko milaka haur eta gurasori? Kulturari? Euskarari? Aniztasunari?», galdetzen dute zabaldutako oharrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo